Clara Peya piano-jotzaileari Kataluniako Kultura Sari Nazionala eman diote berriki. Oroigarria besoetan, pribilegiatua izan dela esan du, eta eskerrak eman dizkio bere amari, piano bat izan duelako etxean, orduak eta orduak eman dituelako entseatzen, ez zuelako inor zaindu behar eta ez zuelako taberna batean lanean aritu behar izan dirua atera ahal izateko. Nik ere badut piano bat gurasoen etxean. Liburuz inguratuta jaio naiz. Gure ama irakurtzen ikusi dut noiznahi. Gure aitak Euskal Herriko museo, santutegi eta erakusketa guztietara eraman gaitu. Ni ere pribiliegiatua naiz, eta beharbada horregatik idazten dut. Hala ere, ezagutu ditut idazle bikainak libururik izan ez dutenak etxean: Valter Hugo Maek kontatzen zidan Biblia besterik ez zutela etxean, zapi batean bilduta edukitzen zuela haren amonak, eta amari liburu bat erosteko konbentzitzea izugarri kostatu zitzaiola. Antonia Vicensek ere ez zuen libururik etxean, eta bat eskatu zuenean etxekoek osasun etxera eraman zuten. Peyak artea iraultza politiko eta sozialerako tresna dela esaten du. Eta hori bada pribilegio bat, ez dagoena denen eskura.