Talaia ekonomiko honetatik askotan salatu dugu kapitalismoa egiten ari den irudi aldaketa, “humanoago eta sozialago” agertuz etekinak pilatzen segitzeko, bere azken helburua hori baita.
Uda honetan, Business Roundtable enpresa-elkarte estatubatuarrak, hamabost milioi langile enplegatzen dituzten 180 konpainiatako liderrek sinaturiko adierazpena aurkeztu du. Langileak “gizalegez konpentsatu” behar direla diote, hornitzaileekin harremana “etikoa” izan behar dela, eta ingurumena babestu behar dela “gure enpresetan praktika jasangarriak sustatuz”.
Halako baieztapenak ezkerretik egin ahal izango lirateke. Baina horien atzean egiaz dagoena da estrategia oso bat langileen nahiz herri sektoreen “matxinada” eta mobilizazioa saihesteko, lan prekarietateak, soldata baxuek eta aldaketa klimatikoak bultzatuta, sistema ekonomiko basati eta predatzaile honek sorturikoak baitira.
Inbertitzaile handiek, diruari errentagarritasuna ateratzeko, jokabide zehatz bat exijitzen dute. Ezin baitezakegu ahaztu funts subiranoek eta pentsio funtsek euren inbertsioak baldintzatzen dituztela konpainiek gutxieneko sozial eta ingurumenezko batzuk bete ditzaten.
Beraz, kapitalismoa gai da mugitzeko, bere burua erreformatzeko eta egokitzeko. Zinikoki erakusten du aurpegi atseginago bat, irabazi gehiago edukitzearen truke. Irakasgai handia da hori ezkerreko sistema alternatibo baten alde egiten dugunontzat: gu ez gara ados jartzen gizarte justu, libre, igualitario, solidario, ekologiko eta feminista bat lortzeko. Bananduta gaudenez, mozorrotuta dagoen kapitalismo batu horri bidea irekita uzten diogu.