Izturitze duela 21.000-29.000 urte. Gravettiar aroan Izturitzeko kobazuloan bizi ziren gizakiek suharrizko tresna asko utzi zituzten.
Horietatik, ehunka batzuk Noailleseko gubilak dira, hala deituak lehenengoz Frantziako hego-mendebaldeko kobazulo horretan aurkitu zituztelako. Kobazuloko IV. mailan aurkitutako Noailleseko gubilak gehienez ere 3 cm luze eta 2 cm zabal dira, oso estandarizatuak zeuden eta, punta zorrotzari esker, zeregin espezializatuetarako erabiltzen zituzten. Baina, tresna txiki horiek sakon ikertu baino lehen, EHUko ikerlariek ez zekiten zehazki zertarako erabiltzen zituzten.
Aitor Calvo, Unai Perales, Maite García-Rojas, Christian Normand eta Alvaro Arrizabalagak osatzen duten ikerketa taldeak gubil bilduma horren azterketa teknologikoa, tipometrikoa, morfotipologikoa eta, bereziki, funtzionala egin du –azterketa funtzionala egiteko programa esperimental bat prestatu zuten ikerlariek–. Emaitzen berri Journal of Archaeological Science: Reports aldizkarian eman zuten uda hasieran.
Ikerlariek ondorioztatu dute Noailleseko gubilak material bigunak –esaterako, animalien larruazalez eginiko jantziak– zulatzeko erabiltzen zituztela; josteko, alegia. Eta hipotesi horrek badu heldulekurik Europako garai bereko beste aztarnategi batzuetan aurkitutako objektuetan. Sunghir (Errusia) eta Candide zein Ostuni (Italia) aztarnategietako hilobietan ehunka ale apaingarri topatu dituzte, jatorriz txanoetan, berokietan edo galtzetan josita zeudenak.
Lehenengo jostorratzak –irizpide morfologikoaren arabera, behintzat– Gravettiar aldia amaituta sortu eta erabili zituzten, Solutre aldian (duela 15.000-21.000 urte gutxi gorabehera). Hezurrezkoak izan ohi ziren eta, geroago, duela 7.500 urte inguru, metalezkoak egiten hasi ziren. Baina, EHUko ikerlariaren arabera, jostorratzak baino lehen ere, baziren josteko tresnak.