Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak 2003tik neurtzen du Gipuzkoako hiriburuko jai garrantzitsuenetako hizkuntza erabilera. Herritar boluntarioek behatzen dute ehundik gora jardueratako hizkuntza erabilera. Azken urteotan beherako joera eten eta gorantz egin du euskararen erabilerak. Gaztelaniak ere gora egin du azken bi urteotan. Euskararen erabileraren daturik kaskarrena 2007an jaso zen (%16,49) eta gaztelaniaren eta euskararen arteko alderik handiena 2010ean gertatu zen: euskarak %17,69 eta gaztelaniak %62,58.
Bagera elkartearen helburua hizkuntza azterketak euskararen erabilera bultzatzea da. Donostiak udan duen bisitari kopurua kontuan izanda, euskarari merezi duen tokia ematea eskatzen du elkarteak, hau da, gutxienez gaztelaniaren pareko agertzea eta hizkuntza gutxitua den neurrian lehentasunezko trataera izatea. Abuztuaren 10etik 17rako 109 jarduera aztertu dituzte, ahozko jarduna eta idatzizkoa ere bai. Ahozkoan hiru gauza hartu dituzte kontuan: aurkezpena –kontzertu baten aurkezpena adibidez–, jarduera beraren hizkuntza –musika taldeak zein hizkuntzatan abestu duen adibidez– eta dinamizatzailea (haur tailer bateko dinamizatzaileak erabili duen hizkuntza, adibidez).
Egitarau ofizialeko datuak daude hemen. Donostiako Piraten egitaraua ez da kontuan hartzen. Kontzertu batzuk salbu egitarau osoa euskaraz izaten du.