argia.eus
INPRIMATU
Soinu zurrunbiloa
Joxi Ubeda Goikoetxea 2019ko abenduaren 10
"Ikasitako mugak". Striknina
Autoekoizpena, 2019

Striknika Lemoako taldeak bere bigarren diskoa kaleratu du. Rosebud (2013) lehen diskoarekin erakutsi zuen bidetik osatu du, baina nabarmena da bere doinua findu, trinkotu eta sendotu egin duela, urrats bat aurrera eman duela, bere izaerari eutsita, betiere. Grabazio saioak egiten hasi aurretik, taldekideek kantak lantzeko bere denbora erabili dutela antzeman daiteke, melodiak sortzeko, erritmoak zehazteko, eta moldaketak egiteko, xehetasun guztiei arretaz erreparatuz.

Hori bai, batere indarrik, kemenik, bizitasunik eta abiadurarik galdu gabe, aurreko diskoa kontuan izanik. Striknina taldean hiru kide bakarrik aritzen dira, baina sekulako iskanbila egiten segitzen dute, batere gupidarik gabe. Punk rock eta hardcore melodiko kutsuko kantak jotzen dituzte, mozketak eta erritmo aldaketak egiten, astunxeagoak diren pasarte batzuekin tartekatzen, eta oro har giro gazi-gozo bat antzeman daiteke kantetan.  

Txantxarik gabe aritzen dira, gordin, bai beren musika tresnak jotzen, bai beren mezuetan: “Lehia honen puntu txiki bat zara ta besteak ere; zeure bidea galtzean datza bizi-irautea, galtzea bizi-irautea da” (Irautea), “Azalezina ulerkor egiten zaigu zientziatik kanpo; agian zuri beltzez ikusten duguna grisez beterik dago” (Zientziatik kanpo), “Beherantz begira eta burdinezko zaldiaren makineriaren parte naizela, pertsona guztiak, sentimen guztiak, arrain memoriaz kondenatuak, egunerokotasunak behartzen digun bizimodua akatu!” (Metropolis), “Zer da errua gezur honetan?” (Beste 1 +),  “Hanka bakarra aurrera egitean bestea bakarrik sentitzen da ta konpetentzia burugabekoan atzean dagoena atzekoa izaten da” (Ikasitako mugak), “Porrotan irakatsiak gara, bizi behar baimenaren menpean” (Ein).

Gago (baxua eta ahotsa), Unax (bateria) eta Mikel (gitarra) dira taldekideak, eta 2006an sortu zuten Striknina. Bigarren lana kaleratu ondoren, hainbat emanaldi egin dituzte, besteak beste, Basaurin, Leioan, Sopelan, Barakaldon eta Arrigorriagan, eta gehiago ere egitea nahiko dute beren zaleek. Izan ere, jendaurreko saioetan zuzen eta ederki asko senti eta bizi daiteke Striknina taldeak egiten duen soinu zurrunbiloa.