Fer Apoa beti izan da oso tematia. Oso gaztetan autoritarismoen kontrako militantzian sartu zen buru-belarri Aragoin, eta harrez gero, intsumisioa zein El Corazón del Sapo izan ziren bere helburu nagusiak. Hain zuzen ere, talde horrekin buelta erdi eman zioten bai Estatuko hardcorearen soinuari eta bereziki tematika eta konpromisoari. Gerora etorri zen Joseba Poncek eraikitako Kuraia, Ponceri zein Ferei balio izan ziena iragan hard-rockeroarekin bakea egin eta Euskal Herrian bestelako sonoritateak lantzeko. Ospetsu egin zen Kuraia eta horregatik alboratu zuten. Gerora Mikel Kazalisen Matxura talde industrialean aritu bazen ere, Estricalla izan da luzaroan bere lema, hardcore-punk zapalgailu itzela. Feren tematze horren baitan bada ere Euskal Herrira etorri, euskara ikasi eta egunerokoan erabiltzeko apustu irmoa.
Beste punta batean zegoen Zigor DZ Euskal Herrian hip-hop eta bestelako doinu beltzak lantzen aitzindari izandako Selektah Kolektiboaren bultzatzaile sutsuetako bat. Gerora Esne Beltza taldeko programatzaile eta DJ tematia dena, eta zenbatu ezin daitekeen proiektu anitz eta irekietan beti jakinminez buru-belarri aritzen dena.
Bada, bien bideak gurutzatu dira orain eta sortu dute Onki Xin. Ia kasualitatez, DZk batuta zituen oinarri batzuen gainean Ferek melodiak landu eta hamaika kanta borobildu dituzte. Elektronikatik barrena egiten dute jarioa, baina elektronika hain zabala izanik, bada dance, funky, drum&bass, new wave, industrial brintzak, popa, rock gitarreroa eta mestizaia ugari. Bageneukan DZren sormenaren eta irekitasunaren berri, eta banekien Ferekin kantuek mezu landu eta iraultzaileak izango zituztela halabeharrez, baina sorpresa hartu dut Ferek bestelako tonalitate eta melodiatan abesteko egindako apustu ausartarekin.
Ilargidanzee elektro-pop-funky hit!a da; A.M.H.K.C drum&bass eta new wave miztura; Elektra eta Hegalak salgai errefuxiatuen aldeko kantatzarrak, biak erritmo bizi eta melodia itsaskorrekoak; Ez-zinthomatik electro-synte-rock gitarreroa da; Orkidea eta Realpoetik, aldiz, dance eta poperoagoak; Derbitze-rock beltzagoa, funkyagoa; eta Astro-naut Bowieri gorazarrea.