argia.eus
INPRIMATU
No eta to 150 zuhaitz
Jakoba Errekondo 2019ko abuztuaren 29a
425 milioi zuhaitz bizi da Hego Euskal Herrian. Hegoaldeko herritarrei bataz beste 150na zuhaitz dagozkigu.
425 milioi zuhaitz bizi da Hego Euskal Herrian. Hegoaldeko herritarrei bataz beste 150na zuhaitz dagozkigu.

Zuhaitz-zalea al zara? Espainiaren menpeko euskal herritarra bazara, 150 zuhaitz dagozkizu. Zuhaitz kopuru hori dugu gure basoetan, buruko, 2015ean Madrilgo Gobernuak egindako inbentarioaren arabera. 425 milioi zuhaitz bizi da lau lurraldeetan. Erdia baino gehiago Nafarroan, 240 milioi; Araban 81 milioi, Bizkaian 55 milioi eta Gipuzkoan 49 milioi. Orduko biztanlegoaren arabera, nafar bakoitzari 376 zuhaitz zegozkion, arabar bakoitzari 253, gipuzkoarrari 69 eta bizkaitarrari 49. Bataz beste 150na zuhaitz.

Kopuru absolutuen alderantzizkoa da lurraldekako basoaren okupazioa, dagozkigun zuhaitz horiek hartzen duten lurraren proportzioa, alegia. Basoak lurraldearen proportzio handiena, erdia baino gehiago hartzen du Gipuzkoan (%61) eta Bizkaian (%59). Erdia baino gutxixeago Araban (%46,5) eta proportzio txikiena Nafarroan du: Madrilen arabera %33 eta bertako gobernuaren arabera %43. Lurralde itsastarren proportzio horiek, Europako herrialde basotuenen artean jartzen dituzte.

Basoak oinarrizko hiru multzotan banatzen dira: baso naturalak, baso landatuak eta galeria basoak. Lehenak berez garatutako basoak direla pentsatzen da. Bigarrenak guk landatutakoak. Galeriakoak erreka, ibai eta errioen inguruko basoak dira, uraren alde banatan hazten diren zuhaitzek gaina hartuz osatzen duten tunel edo zulobide tankerako basoak. 

Basoen beste banaketa zuhaitz tipologiaren arabera egiten da: hostozabalak, koniferoak, nahasiak... EAEko 2018ko datuen arabera hostozabalek basoaren %49,75 (194.929 ha) osatzen dute, koniferoek %45,46 (178.119 ha) eta eukaliptoek %4,78 (18.750 ha). Nafarroa Garaian hostozabalak basoaren %60 dira (853.683 ha), koniferoak %28 (437.937 ha) eta biak nahasian %12 (184.420 ha). 

Zuri dagozkizun 150 zuhaitzak, non nahi dituzu, zein lurraldetan? Eta, zer motatakoak nahi dituzu, eukaliptoak, pinuak, izeiak, pagoak, urkiak, haltzak?

Kontu hauetatik kanpo utzi ditut Ipar Euskal Herriko ia 300.000 lagunak. Izan ere, bertako basoen datu zehatzak eskuratzeko ia erotzeraino muturra sartu dut batean eta bestean, baina alfer alferrik. Eta, zure iritziz, Iparraldeko datuekin zuri eta niri dagokigun zuhaitz kopuruak gora edo behera egingo luke?