Biharamunarekin, baina bart luzatu izanaren damu itxurarik gabe. Halaxe aurkitu genituen Uger eta Explosivah taldeko kideak inguruetako punk rock zaleen elkargune aski ezaguna den Barakaldoko El Tubo tabernaren ateetan. Giroan antzeman zitekeenez, bezperan emandako zuzenekoaren bidez publikoarekin bakarrik ez, elkarren artean ere konektatu zuten bi taldeek.
Ajeak aje, Leonetik espresuki bi zuzenekoak ematera etorritako Explosivah hirukotea eta Bilbo inguruetako Uger boskotea aurreko gauekoa errepikatzeko gogotsu zirela zirudien. Jarraian entzun eta bizitakoak hala zelan berretsi zigun.
Sarrera guztiak agortuta, aretoa gainezka aurkitu zuen atetik sartzen azkenak. Aurreko eguneko ordena alderantzikatuz, etxekoei egokitu zitzaien beren punk rock eta stoner ukitudun rock alternatiboaz taberna-zulo ilunean barrena publikoarenganaino bidea zabaltzea, eta bisitariei ibilbidea ixtea. Tarteka buru-kolpeka, tarteka begiak itxita eta dantza ugari tarteko, taberna-zuloan pilatu ginenok gustura egin genuen berauen atzetik bidea, izerdi patsetan eta barran zeozer eskatzeko gogoz itzultzeraino.
Publikoa poltsikoratzeko aukerak nabarmen handitu zizkien sorpresa faktorearekin jokatu zuten Ugerreko kideek: Fedea izeneko abesti berriarekin mututu gintuzten, kolpean bereganatuz parean ginenon arreta. Zurrumurruek diotenez, azken lerroetaraino heldu omen zen hirugarren disko baten usaina. Segidan, nostalgikoenak asetu zituen lehen diskoko Urtua eta Ugerra abestiei eman zieten bide. Abesti homonimoaren erritmoekin abiadura hartuta eta frenatzeko intentziorik barik, bigarren diskora salto egin eta Hilos joaz jarraitu zuten, baina entzuleon atzera-aurrerentzat taberna estu bilakatzen ari zela ohartu izan balira bezala, geure onera ekarri gintuzten Txanpon bat Sabin zaharrarentzat melodikoagoaz.
Behin entzuleok mantsotuta, bigarren abesti berri batekin gozarazi ziguten. Boskotearen eskutik abiatutako bidaian, Cosmic bidean egindako aurkikuntza ederra izan zen, eta aurkikuntzaren lilurak eta ostean etorri zen psikodelia zantzudun Denbora-k ezin hobeto ezkondu zuten. Abestiaren amaierarako berriro hartua genuen erritmoa, eta Ez dut nahi indartsuaren lehen doinuek oraingoan taldekideen partetik frenatzeko asmorik ez zegoela adierazi ziguten: amaiera gertu zegoela antzeman zitekeen. Ezin ahaztu-ri eman zioten bide segidan, eta heldu da jada, heldu da jada zioten estribilloak profezia bailiran, amaiera gertu antzeman eta dantzan harrapa gintzala erabaki genuen. Amaiera onartu duenaren entregarekin jaso genuen boskoteak azkenerako gordea zuen harribitxia: Samarra, Sonic Youth taldearen Mote-ren bertsioa.
Ostean, El Tuboko barrunbeetan barrenako bidaiaren gidaritza hartu zuen Explosivah-k, guztiok dantzan jarri gintuzten punk rock doinuen eztandari bide emanez. Taldearen irudi gisa granada itxurako bihotza –edo bihotz itxurako granada, bakoitzaren arabera– darabilenarengandik ez genuen gutxiago espero. Amaierak dantzan harrapa gintzan prest geunden.