Urtebete neraman festetan ibili gabe eta Santutxuko jaietan aukera izan dut. Herrikoa-n txanda egiten zebiltzan militante beterano batzuek aitzakia eskaini zidaten barne eztabaidaz mintzatzeko.Gure gauzak aspaldian aparkatuta nituen. Urte mordoxka izan ziren Kremlina-ren komisarioekin harremanetan eta azken garaiotan EH Bilduko friki-ekin.
Umorearen perspektibaz nahiko nuke jardun, gehiago ez dramatizatzearren batik bat, zeren nabaria baita “disidentzia” eta “ofizialismoaren” arteko zalaparta. Bi mutur horien artean badago ortzadar bat eta aldarrikatzea merezi du. Gure buruaz barre egin eta proposamenak bideratzeari sanoagoa deritzot, abizen ezberdinetako gure familia honetan aurkariak bilatzeari baino.
Esperientzia pertsonaletik hasiko naiz. Kontuan izan, 1999. urtean Ardi Beltza proiektu komunikatibo independentista, ezkertiarra eta internazionalista martxan jartzen parte hartu nuela. Izen hori propio hautatu genuen eta “Aita santuaren” bedeinkapenik gabe jaio zen aldizkari hura. “Vatikanoarekin” apurtzeko ausardia, Primo de Zumosol-en garaian, elkar ulertzea eta maitatzearekin lotuta zihoazen. Gure ezberdintasunen gainetik, helburu amankomunak bilatzearen iparrarekin aritu ginen. Are gehiago, publiko bera zen gure target object. Adar ezberdinak zituzten idiak, bat eginik gurdia bultzatzeko asmoarekin.
Ikuspuntu profesionaletik diot merezi duela gure frustrazioak modu eraikitzailean bideratzea. “Euskaldun txar” honek, abertzale ezkertiar zahar eta berriak elkarlanean jardutea nahiko luke, alde kolektiboaren onurarako izango litzatekeelako. Barkatuko didazuelakoan gehituko nuke nire ikerketa-lanak burutu eta zabaltzeko erraztasun handiagoak izango nituzkeela. Ez nireak direlako, baizik eta iritzi publikoak eskubidea duelako informazio horiek interesgarriak diren aztertzeko, eta militanteek horiek ahalbidetzeko ardura dutelako, beraien arteko eztabaiden gainetik.
Autokritika moduan, nire uste apalean, kritikoak izan garenok pauso bat eman dugu atzera azken urteotan, eta hutsune hori “ofizialismoaren burokratek” eta “disidentziaren demagogoek” bete dute. Bi talde horietan lagun minak dituen batek diotsue. Ni bi zubi arteko ortzadarraren aldekoa naiz, Txus Martín euskal preso politikoa izan baitzen ezker abertzaleko kimu bilakatu ninduena.