Deus ez da lortzen trukean musika pretentsio askorekin egiten hasiz gero, publikoaren onespen berehalakoa nahi izanez gero. Aldiz, musika egiteko indarra eta motorea zuk zeuk disfrutatzea bada, bide luzea daukazu aurretik eta asko daukazu disfrutatzeko. Hori da gakoa. Eta horixe da, hain zuzen ere, arrakastaren, arrakasta propioaren, giltza. Hala bizi du Eibar eta Azkoitiko kideak dituen Deus Ez hirukoteak. Aurretik dozenaka batailatan trebatuak, 2017an proiektu honi hasiera ematea erabaki zuten motibazio eta sinesmen handiz eta hala jarduten dute.
2017an Deus Ez izeneko lan luzea kaleratu zuten rock-etik, punketik eta metaletik edaten duena. Harrera ona izan zuen eta urte berean Amurriock lehiaketako lehen saria eskuratu zuten. Horri segidan, 2018an Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Katapulta ekimenaren biran parte hartzera gonbidatu zituzten.
Orain Sherpak diskoa kaleratu dute eta begi bistan dago emaitza bestelakoa dela, jauzia egin dute kantak borobiltzen eta bila ari diren soinua lortzen. Hainbat dira hirukotearen emaitzan batzen diren musika ulertzeko eta bizitzeko estiloak; baina bat egiten dute eta aurrera doaz ingurukoari begiratu gabe. Josu Ervitirekin grabatu dute Drum Groove Studion eta masterizazioaren ardura Victor Sanchezek hartu du.
Garaile kantak arranke gordina dauka, rock zikin distortsionatua nahiz eta erdi tempo melodikoak tartekatzen dituen. Hegoak-ek asko edan du Nirvanaren ondorengoetatik eta malenkonia eta urratzea daramatza batera. Urrun poperoa bada ere, gitarra riff misteriotsu-eder batek gidatzen du. Sua-k badu goxotasunetik, hard-rocketik eta metalaren pisutik. Kateak balada da, hegoaldeko hard-rocketik metalera amiltzen dena. Pozoia hard-rock, grunge eta progresibo entsalada. Leizeari begira Weezer eta distantzian Pixies gogora ekarri didan kanta melodiko-jostaria. Erruki jauna bada nolabait QUOTSAren gorazarrea. Eta Sherpak kanta goibel bezain ederra.