Bederatzi kilometroko distantzia daukat etxetik bulegora. Baina distantzia labur horretan, negutik honat bost obra publikorekin egin dut topo. Hondartzarako errepidea berritu, akanpaleku aitzineko espaloia handitu, oinezkoen zirkuitua inauguratu, herriko plaza itxuraldatu, merkataritza zonalde atarian aparkalekua gehitu…
Orain aldiz, bildu dira obra-panelak eta pala mekanikoak. Polit-polit jarri dira bide bazterrak, landatu dira loreak, berriz tindatu dira paretak. Dena prest, Lapurdi kostaldera bakantzetara etorriko diren udatiarrentzat. Bi hilabetez, bi milioi turista metatutako dira 30 km luzerako lur zati hertsi batean. Auto-metatzeak bideetan, oinezkoen karrikak saturatuak, inflazioak ostatuen prezioetan, folklorizazioa ikuskizun bizietan… Urtero 5,3 milioi turista datoz 300.000 biztanleko lurralde batera. 2.300 enpresa eta 9.100 langile “turismoaz bizi” direla saltzen digute instituzioetatik.
Gordinki pairatzen ditugu gaur duela 50 urte Paristik diseinatutako turistifikazio politikaren emaitzak. Alta, munduko txoko desberdinetan masa-turismoaren desmasiak salatzen diren garaiotan, 80-90eko hamarkadetara itzuli behar dugu horren kritika zorrotza entzuteko gurean. Larriago, uda bukaeran izanen den G7aren kontrako argumentuen artean, hautetsi abertzale batzuk sasoi turistikoan izanen duen eraginaz kezkatu dira berriki.
Ez ote dira biak txanpon beraren bi aldeak? “Euskal Herriari mundu osoko ospea” hitzematen diotenek, ez ote dute oporleku baten marka mundu osoko merkatuan balioztatzea anbizio? Berezko lurralde izan aitzin, Ipar Euskal Herria promozionatu beharreko helmuga bilakatu da agintari batzuentzat. Lurralde marketinak politika publikoei gaina hartu die.
Munduko kontinente frangotan bidaiatzeko xantza izan dut. Nire inkoherentziez kontziente, badakit bidaiatze soilarekin lurralde horien akulturazioan hartu dudala parte. Badakit ere borroka sozialen ondorio direla opor sarituak eta bidaiatzeko aukerak. Turistak kospei deitzea, frantsesezko congés payé-tik dator, demokratizazio baten oinordetza.
Baina badakit ere ikusi beharrekoen zerrendetatik eta selfie-tatik harago, beste turismo bat posible dela. Gure herriak badu zer transmititu, desitxuratu gabe. Ikastolako guraso berria, herrira bizitzera etorri den familia, Baionatik pasatzen den etorkina edo zazpi egun Euskal Herrian gaindi ibiliko den turistarentzat, badugu inklusio eredu bat kolektiboki asmatzeko beharra.