argia.eus
INPRIMATU
IRITZIA
Bidaiaren bukaerak
Irati Elorrieta 2019ko uztailaren 16a
Paula Estévez

Erromes joan gara fikziozko memorialen egarriz. Historiaren errepresentazioak gure bidaiaren helmugan; Paris GPS-an. Christian Boltanski edo Anselm Kiefer-en obra monumental baten aurrean gaudela iruditu zaigu, gorputzean sentitu baitugu espazioaren hutsunea, handitasuna, eta buruan. Buruan zer? Buruan tiroak, galderak, eutsi ezineko metaforak norabide ugaritan, guztia ulertu nahian: Zer demonio ibili da hemen dena desegiten? Zeintzuk dira gure demonioak? Gure(aren) desegileak? Eta guk, ba al dugu errurik? Bai, erruaren zalantza ere sortu zaigu, norberarena, kolektibitatearena, seguruenez, instalazio erraldoi honen tenplu izaera dela eta.

Harrizko zutabeak daude hutsune leizetsuari eusten, lorez apainduak, eta lore gehiago, beirazkoak, argizkoak, mundua hona barrura, ilunbe gotikora, iragazten. Ehundaka urteko kaiolan kiskalitako paisaiaren azala laztantzen du argi horrek.

ibilizazioaren errautsak, gerren hondakinak hedatzen dira lurrean. Eta hara non, gizakia: Babesik eman ezin duen aldamio kaskar batera igota, kasko gorridun eta lan-jantzi zuridun langile anonimoa, aurpegia maskaz estalirik, sarraskiari so. Bere gorputzaren hizkera edonorentzat ulertzeko modukoa da, eta apala. Honela dio: “Eta orain, zer?”. Horixe da debatea, izan behar luke, orain zer, eta arteak, arteak maiuskulaz, ikusgarri, bizigarri egiten ditu garaiko debate handiak.

Asmatuko zuen baten batek, aurrean dugun instalazioa, Parisen, barrikadena izandako hirian, oraingo honetan, ez dela memoria fikzionatuen eszenaratzea. Zerogarren kilometroan kokatuta, arnas egiten duen sinboloa dela Notre Dame hau, hainbeste sutatik salbu geratu zen horren hondakin erreak ezkutatzen (erakusten) dituela sabelean. Badakizue robotak soilik sar daitezkela katedraleko alde batzuetara?

Ez dut Macronen txioekin lotutako negarrik egin nahi –“gaur gauean triste nago gure zati bat erretzen ikustean”–. Ez da ikono nazionala (Napoleon urrezko erledun kapa inperiala jantzita bere burua koroatzen ikusi zuena) interesatzen zaidana. Mitoak bai, mitoak ulertu ezin den mundu bat ulertzen saiatzeko kontakizunak dira. Victor Hugori erdiko erroseta ziklope baten begia iruditu zitzaion ilunabarrean, eta gauean, bi buruko esfingea ikusi zuen hiriaren bihotzean makurtuta. Eta politika. Politika bazterrak nahasten (kakazten) hasten den unea da kontakizunaren klimaxa.

Asuntoa bere egin du Macronek. Lehen baino ederragoa berreraiki nahi du eta Eliseoak lege berriak proposatu ditu; ez soilik hirigintza eta monumentuen kontserbazioaren inguruko araudiak anulatzeko, baita ingurugiro eta lan baldintzen ingurukoak saihesteko ere. Katedralaren identitateak –zaharra versus modernoa– liskarra sortu du eta beste joko-zelaietan bezala, honetan ere, trukoa da alternatiba bakarra dagoela aurkeztea: edo Macronen alde edo Le Penen bandoan. Horrelakoetara ohitzen ari gara, ia sinetsi arte. “Edo kaosa edo ni” esaten duena susmagarri egin beharko litzaiguke, bere interesetan sinplifikatzen ari delako, gainontzeko diskurtso posibleak isilarazten dituelako, debateei eta prozesuei lekurik uzten ez dielako.

Ez dezagun ahaztu bai kontakizunak, bai bidaiak bukaera irekikoak izan daitezkela eta guk erabakitzen dugula norantza. Erabakien araberakoak ziren bukaerak “bilatu zure abentura” saileko liburuetan: “Nor zaren esan nahi badiozu, jo 250. orrialdera. Izen faltsua esan nahi badiozu, jo 271. orrialdera. Erantzun gabe irteten saiatu nahi baduzu, jo 301. orrialdera”. Errealitatea ere, gaixo ez badago, ez da polo bikoa.