argia.eus
INPRIMATU
Danbatekoa
  • Udako aisia aprobetxatuz, paper zaharrak berriz irakurtzen ibili dela erran dit lagun batek. Ni ere bai. Egiari zor, hain zaharrak ere ez dira. Aurkitutakoen artean, lagunarenaz gainera, Alberto Barandiaranen artikuluak izaten nituen nik gustuko: luzeak, sakonak eta –gehiagotan erran behar da– behar-beharrezkoak.

2019ko uztailaren 18a

Haizegua liburuari eskaini ziona da nire gogokoenetarik. Gogora ekartzen zuen Barandarianek nola prestatu zuten liburua Pio Caro Barojak eta Eduardo Gil Berak, eta nola aurkeztu zuten 19. mendeko Martin Indaburu izeneko poeta batena balitz bezala, Zugarramurdiko borda batean kausitua; nola Atxaga izan zen josteta literario hartaz ohartzen lehena edo lehenetarik, ongiegi idatzia zegoelako.

Gil Beraz mintzatzeko aitzakia da Haizegua, hein handi batean. Geroago, Baroja o el miedo biografia idatzi zuen, Itzean bonba bat bezala erori zena. Gertatzen diren gauzak dira. Niri, aitortu behar dut, izugarri gustatu zitzaidan liburua, gaiagatik baino gehiago estiloagatik, ironiaren eta sarkasmoaren egiazko tour de force-a baita. Noizbait, Gil Berak bezala idazten jakin nahi nuke.

Barandarianek aipatzen du, Indabururena eta Barojarena egin baino lehen, zenbait liburutan gogoeta egin zuela gure idazleak, euskaraz, baina bere blogean, bere bibliografia biltzen duen atalean atzenduak dituela liburu horiek, bertze bizitza batean idatziak izan zirenak.

Behin baizik ez dut Eduardo Gil Bera ikusi. Duela anitz urte, Iruñeko Baluarten egindako ekitaldi inportante batean. Inportantea behar izan zuen izan, Miguel Sanz orduko lehendakaria mintzatu baitzen. Zenbaitek ez genion txalorik egin. Joxemiel Bidador zenarekin eta bertze lagun batekin joan nintzen. Bidador Gil Bera agurtzera hurbildu zen. "Eduardozalea duk Joxemi" xuxurlatu zidan bertze lagunak belarrira.

Ni ere bai.