argia.eus
INPRIMATU
AHTko aurrekontuak
  • Hain gardentasun gutxi dago AHTren obretako aurrekontuaren bilakaeran, aldiro sortzen den ezein albiste txantxaz hartzen duela mundu guztiak. Eta martxan jartzeko datarekin zer esanik ez. Auzo lotsa ematen du gai horretan eskumena duen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburua ikustea orain hau esan eta gero hitza jaten. Baina Euskal Y-arena ez da barre egiteko kontu bat.

Juan Mari Arregi 2019ko uztailaren 16a

Oso larria den zerbait da, bere sorreratik. “Estatu gai bat” bezala ikusia, sekula ez da zalantzan jarri nahi izan erakundeen partetik, are gutxiago eztabaida eta erreferendum baten aldarrikapenarekin bat egin.

Herritarren kontrako ekimen antisozial honen arduradunek, Madril eta Gasteizko gobernuek, 2006an aurrekontua egin zuten 175 kilometroko ibilbidea izango zuen obra batentzat: 4.178 milioi euro. Hortik %40 EAEko gobernu autonomoak ordainduko zuen kupoaren bidez, 118 milioi euro funts europarretatik aterako zituzten eta beste 2.500 milioi euro Espainiako Gobernuak jarriko zituen. Obren amaiera data ugariren ondoren, gaur egun uste da ez dela martxan jarriko 2023 urtera arte, eta kostua 2.000 milioi euro igo da, 6.000 milioiraino. Egunotan jakin da AHTren Gasteizko lurrazpiko sarbidea 150 milioi euro gehiago kostako zaigula, hasieran uste zena baina %20 gehiago –denera 872,2 milioi euro–. Eta oraingoz ezezagunak zaizkigu Donostia eta Bilboko geltokien gainkostuak.

Madrilek eta Gasteizek sekula ez dute utzi AHT bezalako azpiegitura baten inguruan eztabaida demokratikoa egiterik, baina gizarteak beharra dauka jakiteko, euroz euro, nola eta zergatik hari diren herritarren zergak gastatzen obra faraonikoan. Konparaziorako datu bat: Eibarko ospitale berriak 28 milioi euroko kostua izan du.