Disko ederra egin du Abereh Enkarterrietako musikariak. Kanta politak dira, ederki jantziak, batzuk lasaiak, eta beste batzuk biziagoak. Giro intimistak sortu ditu, hunkigarriak.
Kezkak, sentimenduak, beharrak, desioak, ametsak ageri dira kantetan. Harremanak, harremanen inguruko gazi-gezak. Batzuetan galduta sentitzen gara, beste batzuetan argi izpi bat ikusten dugu. Sokatik tiraka ibiltzen gara, soka tenkatzen, baina soka eten gabe. Diskoaren azalak oso ongi adierazten du mamia. “Egin genuenaren sekretua beti gordetzen, soka askatzeko esan zenidan eta nik salto egin nuen, baina ez naiz damutzen, hegan egiten saiatu ginen”, Ekaitz gau honetatik ihesi kantan esaten duen bezala.
Abereh ezizenarekin, Erik Berganza Estricalla taldeko kideak bakarka aritzeko proiektua martxan jarri zuen duela urte gutxi. 2017an, Zaunka datoz arin izenburua duen lehen lana kaleratu zuen, eta aurtengo ekainean Laino eta belatz artean bigarren lana argitaratu du, bere etxean ondutako eta grabatutako zazpi abestirekin.
Lehenengo lanean bezala, azken diskoan doinu akustikoak gailentzen dira, folk kutsukoak, baina tarteka distortsioa eta fuzz soinuak entzun daitezke. Izan ere, Estricalla taldearekin egiten duen hardcore gisako zarata, burrunba, eta abiada bizian jotako kantetatik aldenduta, baina distortsioa guztiz baztertu gabe, rock edo grunge akustiko kutsuko kantak osatu ditu.
J. Mascis, Lou Barlow, Kurt Vile, Califone, David Bazan, Jeremy Enigk, Brian Fallon eta Chuck Ragan bakarlariak, eta Dinosaur Jr. eta Hüsker Dü taldeak atsegin dituela suma daiteke kantak entzunez gero. “Haiek dezente entzun ondoren argia ikusi duten kantak dira”, egilearen hitzetan. “Hilabetetako haurdunaldi bat” izan ostean burutu du lana. “Prozesu luzea izan da. Baina hemen dago eta orain dator hoberena, errepidea hartu eta jo!”.
Horrela, bira luze bati ekin dio, eta ekainean Euskal Herriko hainbat herritan, Galizian, Valentzian, Castellon, Madrilen eta Espainiako Estatuko beste zenbait hiritan jo ondoren, datozen asteetan ere han eta hemen ariko da bere kanta berriekin, ikus-entzuleak hunkitzen eta liluratzen.