Ez gaude ohituta politikarien artean soldata murrizketak ikustera, alderantziz baizik, udal eta foru hauteskundeen, bai eta europarren eta autonomikoen ondorioz erakundeetan aldaketak dauden bakoitzean hala gertatzen da. Horregatik, justua eta beharrezkoa da Durangoko Udalak harturiko erabaki bat azpimarratzea, talde berria sartu denean.
Orain artean EAJk gidaturik egon bada ere, azken hauteskundeez geroztik EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen eskutara igaro da udal gobernua.
Tabira zaharreko alkate berriak, Ima Garrastatxuk, ia %40 murriztu du aurrekoak –Aitziber Irigoras jeltzaleak– jasotzen zuen soldata. Hala, 73.822 eurotik 47.000 eurora igaroko da alkateak urtero kobratuko duena, hilean 2.437 euro. Bizkaiko Aldundiko funtzionario bezala Garrastatxuk aurreko lanean jasotzen zuenaren soldata bera. Era berean, dedikazio osoz lan egingo duten zinegotziek hilean 3.000 euro beharrean 2.000 euro kobratuko dute. Durangoko Udalak 425.000 euro aurreztuko ditu, obra sozialera bideratzeko.
Eredugarria da udal ordezkari politikoen soldatak murrizteko harturiko erabakia, bai eta alkateak hartutako irizpidea ere kopurua zehazteko: aurretik jasotzen zuenaren berdina izango da, soldata duina iruditzen zaiolako. Gainerako indar politikoek kontuan hartu beharko lukete agintzen duten erakundeetan. Zenbat milioi euro aurreztuko genituzke Euskal Herrian, Espainiako eta Frantziako estatuetan edo Europar Batasunean, zerbitzu sozialak hobetzeko? Hango eta hemengo politikariek 5.000 edo 6.000 euro gainditzen dituzten hileko soldata eskandalagarriak jasotzen dituzte. Halako neurri batek, gainera, herritarrekin duten harremana hobetuko luke.