argia.eus
INPRIMATU
Murder Mystery
  • El Pais egunkariak kontatu du: Netflixen sekulako arrakasta izan duen film bat, Murder Mystery, Espainiaren eta espainolen irudi estereotipatua ematen ari da.

Santi Leoné @ororostorm 2019ko uztailaren 11

Ez dut ikusi –nork bere gustu zinematografikoak ditu: Jennifer Aniston eta Adam Sandler ez dira preseski nire aktore gogokoenen zerrendan– baina bertze nonbait irakurri dut filmeko atal luzeena Frantzian gertatzen dela, eta Espainiakoa pasarte labur bat bertzerik ez dela. Nolanahi ere, ez da horrelako irudi bat ematen den lehen aldia. Doom Patrol telesailean apez espainol baten eskuetan irekitzen diren estigmetan dago infernurako sarrera, eta bai apezaren bai fededunen itxurak Rio Grandetik hegoaldera bizi direnen itxuraren antz susmagarriki handia du. Euskaldunak eta espainolak zaku berean sartuta, mitikoa da McGyver oihan tropikalean kolonbiar itxurako ETAkideen artean ibili zeneko kapitulua.

Estereotipo horiek ekartzen duten sinplifikazioaz gainera, estereotipoaren jomugan dagoenak izan uste duen inportantzia hainbertzekoa ez dela ikustea izaten da minaren sorburua  –"Espainia non den ere ez dakite"–, bai eta estereotipo hori negatiboa izatea –alemanak eraginkorrak, zorrotzak eta akasgabeak direlakoa ere estereotipoa da, baina ez dut uste horregatik inor asaldatzen denik–.

El Pais-eko artikulugileak aipatzen du Murder Mystery-k Espainiaren gaineko irudi zaharkitua ematen duela; pertsonaia batzuek, adibidez, banderaren koloreak daramatzate arropan –sinestezina!–. Arrazoirik ez du falta: tristea da hainbertze diru gastatzea horrelako irudi bat emateko, Espainiako zentro-eskuineko politikari gehienak –eta zentro-ezkerreko ez guti– irudi penagarri berbera doan ematen ari badira.

Itsusia, nolanahi ere, horrelako estereotipoekin jostetan aritzea. Zera, aste honetan Los Japón ikusi beharko dugu.