argia.eus
INPRIMATU
Eako Poesia Egunak
Castillo Suárez @casti_suarez 2019ko uztailaren 10

Eako Poesiak bukatu dira, eta konturatu naiz ezin dudala laburbildu zer izan den niretako urte hauetako guztietako jarduna. Ez dakidala zerekin geratu, era guztietako oroitzapenak pilatzen zaizkidala, eta zorteko izan naizela, errepikatuko ez diren gauzak bizi izan ditudalako. Ikor Kotxekin autoan joatea isildu gabe 19 gradutan. Elurre Iriarteren arrimuan egotea landa-ikuspegiaz ari denean, eta mundu berri bat aurkitu nigan. Negar egin Miren Agur Meabe zintzo eta leial ateratzen denean nire alde horrenbeste egorekin ezin naizenean borrokatu. Gintonic bat hartzea Ignaciorekin pankarta guztiak jarri ondotik. Pedrorekin barre egin mikroak probatzerakoan. Larrinaga ahizpen zentzua eta sentiberatasuna. Eta Asun Landaren deiak: berak baietz eta nik ezetz beti. Baina, oraingoan, eta aurrekaria ez izateko esperantzarekin, nik baietz eta berak ezetz: berak dio ez idazteko marabilla honen atzean daudenei buruz. Baina idatzi nahi dut Eako Poesia Egunen atzean dagoen emakume kuadrila nire lagunak direla, beti kontuan hartu dutela nire iritzia, eta beti sentitu naizela herrikoa urtean behin bada ere.