Hamazortzi urtez azpiko 38 haur eta neraberen gurasoak daude 47 auzipetuen artean. 38 horietatik 25ek sei urte dute gehienez ere. Hau da: 11/13 sumarioari loturiko lehen atxiloketak gertatu zirenean jaio gabe zeuden. Egun 113 dira Euskal Herriko gatazka politikoa medio, gurasoetako bat edo biak espetxean dituzten adingabeak, kopurua heren batean igotzea litzateke, beraz.
Sarek Motxiladun Umeak txostena aurkeztu zuen 2017ko azaroan. Guraso bat edo biak espetxean dituzten umeek agertu ohi dituzten sintoma psikologiko ohikoenak jasotzen ditu txostenak: garapen goiztiarra, antsietatea, erruduntasuna, loaren alterazioa, galerarekiko beldurra, haserrea edo esperantzarik eza. Haurretan ez ezik, espetxeak guraso, familia eta hurbileko lagunengan ere sortzen duen sufrimendua handia eta askotarikoa da.