argia.eus
INPRIMATU
Europarrak agian, espainiarrak ezin
Karmelo Landa 2019ko uztailaren 02a

Euskaldunontzat paradigma baliagarria da Katalunia-Espainia lehian gertatzen ari dena. Domino operazioa deitu dute, baina are konplexuagoa deritzot. Hiru eszenatokitan libratzen da gudua: Katalunian bertan, Espainian eta Europan. Hiru horietara begiratu beharra dago, jokaldien norabidea asmatu eta balizko garailea nor izan daitekeen asmatu ahal izateko.

Azken hauteskunde europarren ondorioz sortu den egoerak Katalunia eta Espainia kokatu ditu bete-betean Europar Batasunaren agendan. Horren arrazoia: Carles Puigdemont, Antoni Comin eta Oriol Junqueras eurodiputatu hautatuen aurka Espainiako Estatuak hartutako neurriak eta, kontrara, hiru eurodiputatu hauek hartutako iniziatiba instituzional, juridiko eta politikoak.

Esan dezadan, aurretik, hiruron kasuak zein egoerak desberdinak direla. Junquerasek kartzelatik egiten dio aurre egoerari, eta immunitatearen defentsa eskatu beharko dio Europako Parlamentuaren presidenteari, berau izendatzen dutenean. Nik neuk ere ezagutzen dudan bidea da, duela bospasei urte gauza bera egin beharrean izan nintzelako; bide horren emaitzak bi baldintza ditu: Europako Parlamentuan aurreko presidente Antonio Tajani ez bestelako bat aurkitzea, eta bestetik, Espainiako Estatua erabakia onartzeko prest egotea, kartzelan loturik daukana parlamentari aulkia hartzeko libre utziaz. Espainiako Estatuaren eskuetan, azken finean.

Jokoan dagoena ez da hiru eurodiputatu katalanen aulkia. Jokoan dagoena da, ea Errepublika katalanak bidea egin ahal izango duen Europan barna, Espainian ez bezala, Errepublika independente beregaina
izan arte

Puigdemonten eta Cominen kasua, aldiz, oso bestelakoa da, bi hauek ez daudelako maila horretan espainiarren esku. Izan ere, Espainiako Estatua urrunegi joan da horien kasuan ere barne-legeriaren galbahetik pasarazi nahi horretan, Madrilen konstituzio espainiarrari men egin ezean europarlamentari aulkia galdu dutela aipatuz. Ez da horrela une honetan Europar Batasunean indarrean diren arau nagusien arabera. Izan ere, Lisboako Itunak  (2009 urtetik indarrean dagoena, Espainiako Estatua bera ere derrigortuz), bere 6. artikuluan sarrera ematen dio kasu horiek arautzeko Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunari, eta Gutunaren V. Tituluak, bere aldetik, Europar Batasuneko Justizia Epaitegia izendatzen du era horretako auzietan epaia emateko erantzule. Bide horretatik, Espainiako Estatuari eskuetatik ihes dagio erabakiak. Kontuan izan, horren karira, orain arte epaitegi europarretan, Espainiatik kanpo, erabaki diren auzi guzti-guztietan katalanek garaipena lortu dutela espainiarren aurka.

Nolanahi ere den, gatazka konplexu honen dimentsio nagusia ez da juridikoa, politikoa baizik. Jokoan dagoena ez baita hiru eurodiputatu katalanen aulkia. Jokoan dagoena da, ea Errepublika katalanak bidea egin ahal izango duen Europan barna, Espainian ez bezala, Errepublika independente beregaina izan arte. Horra hor benetako lehia estrategikoa, eta horren isla Katalunian bertan hiru bide desberdinen artean: bata Puigdemont bidea litzateke, Errepublikaren aldeko estrategia independentista Katalunian zein Europan inplementatzearen aldekoa; bigarrena, Junquerasen hautua, balizko gobernu espainiar aurrerazale batekin konponbidea negoziatzearen aldekoa; hirugarren aukera, Artur Mas berpiztuarena, bigarrenetik gertuago agertzen dena Puigdemonten bidetik baino. Bide bat edo bestea nagusitu, euskaldunok ez gaude gatazka horren begirale huts izateko moduan, gure etorkizuna ere, neurri handi batean, lehia horretan jokoan dagoelako. Ez da apustu kontua, erabaki kontua da.