Hondarrean, finasterida hartzen hasi beharko dut. Ez da erabaki erraza izan, baina uste dut on eginen didala, edo bederen ez didala kalterik eginen. Diotenez, farmako garestia da –ongi bilatzera, 90 pastilla 43 euroren truke saltzen dituenik aurkitzen ahal omen da–, baina kalkulatu dut aspaldian egin nuen 1.000 euroko inbertsioa berreskuratuz gero, aise moldatuko naizela.
Oso zabaldua dagoen joera da hedabideetan kritikak zeharka egitekoa, jomugan nor dugun adierazi gabe gezia botatzekoa, baita erran beharraren hutsaltasuna aipu –ustez– kultuen bidez estaltzekoa ere. Iritzi kriptikoa, nornahik txalotzeko modukoa, baina soilik interesatuak harrapatuko duena.
Ez da sekulan hori nire estiloa izan –txio batzuk kenduta, beharbada–; aukeran, kritikatuaren izen-deiturak aipatu nahiago izan dut beti, eta, pellokeriak erratekotan, umorearen bidez saiatu izan naiz nire gabeziak disimulatzen, pedantekeriaren bidez disimulatu beharrean. Tira, izateko manerak dira. Xehetasun gehiagorik ematea ez du merezi segur aski.
Ari naiz hau guzia kontatzen, aste honetan ez baitakit zehazki zeri buruz idatzi beharko nukeen; apika umorera jo beharko nuke. Ratoxka batez pentsatzen aritu ondotik, bururatu zait kontatzen ahalko nukeela ortzilarean gauenara sartu zitzaigula etxera, banpiroen film bat ikusten ari nintzela, baina oraindik ez dut sustoa gainditu. Tarteka, horrelako gauzak gertatzen dira. Ez da erran beharrik ere zeinen onak izaten diren gaurkoa bezalako zutabe tontoak, inor zirikatu gabe idazten direnak, zinez eskertzekoa da horrelako testuek mundu guzia bakean uzteko ematen duten aukera paregabea, zeren, jakina, norbait kritikatu nahi izan banu, norbaitekin ados egon izan banintz, nire ohituari jarraiki, haren izen-deiturak agertuko ziratekeen testuan.