argia.eus
INPRIMATU
Zalantzak
  • Ez dakit saioa bera telezaborra zen; gaia telezaborra zen. Aspaldiko saio batez ari naiz, artean gazte nintzeneko batez. Tertuliako kide batek argudiatu zuen ezin zela telebista mota hori definitu, ez zela horrelakorik, berak bederen ez zekiela telezaborra zehazki zer zen.

Santi Leoné @ororostorm 0000ko ren 00a

Horrelako arrazoiak eman zituena telezabor ekoizle ezaguna zen; beraz, haren zalantza teoriko guziak desagertu egiten ziren zer zen ere erraten ez zekien hori egiteko tenorean. Edo beharbada bazekien, baina etiketak molestatu egiten zuen.

Espainiako hedabideetan antzeko nahasmen epistemologikoan daude murgilduta izena latinez duen alderdi bati dagokionez. Faxista ote da? Ez, bada; faxismoa bertze gauza bat dela azalduko digute telebistan. Eskuin muturrekoa? Ines Arrimadasek berriki argitu digu beti arrazoia duen egunkari –kontserbadore?, antidemokratiko?– konstituzionalista batean alderdi ultrakontserbadorea dela. PPrekin eta Ciudadanosekin nahasita, pasta gozo bat sortzen da, edozein demokratak aise irensteko modukoa, zentro-eskuina izenekoa.

Bertze alderdi batzuekin, berriz, hedabideek ez dute den dudarik ñimiñoena ere sekulan izan. CUPekoak erradikalak izan dira beti, Podemosekoak bolivarianoak eta ezker abertzalekoak, gaztelaniaren aberastasuna zer den, ETAzaleak, terroristak edota hiltzaileak.

Egun hauetan, Javier Esparza UPNko hautagaia telebista guzietan ibili da kontatzen EhBilduren jarlekuak "odolez blai" daudela. Urte batzuk dira ezker abertzalea ETAtik urruntzen eta eragindako sufrimendua aitortzen hasia dela. Urte batzuk dira, orobat, PSOEko buruzagi bat han-hemenka dabilela "iradokitzen" bera izan zela GAL antolatu zuela. Frogak froga, sozialisten jarlekuetan odolik ote den zalantzagarria da oraindik kazetari anitzendako. Izena latinez duen alderdi hori zer ote den bezain.