argia.eus
INPRIMATU
Guru gehiegi
Edu Zelaieta Anta 2019ko ekainaren 25

Zorionekoak gu: erabilgarri jarri dute 5G-a. Hango eta hemengo adituek azaldu diguten moduan, telefoniaren bosgarren belaunaldiak sarearen hobekuntza nabarmena ekarriko du. Ez omen da nolanahiko aldaketa izango. Izan ere, dagoeneko zenbait lekutan irakurri duzunez, iraultza handia gertatuko da arlo teknologikoan, industrialean eta, areago, sozialean.

Urduri sumatu duzu inguruko zenbait lagun, teknologiak (berriz ere) hankaz gora jarriko duelakoan bizimodua. Alde horretatik, geuk diseinatutako gailu elektronikoek bezain harrapatua gaitu haiekiko kontraesanak: egunerokoa errazten omen digun teknologiak etengabeko aldaira-giroan zailduak gaitu hondarraldian. Gero eta maizago irakurria duzu, baita erakunde mailako testuetan ere, ziurgabetasunez bizitzen ikasteko gaitasuna garatu behar dugula. Hori ere irentsi dugu, nonbait. Ñaka. Txukulun.

Ziurgabetasuna ziurtatua dagoen honetan, arrunt gustura eta harrigarriro seguru dakuskizu hainbat jakintsu etorkizunaz. Horregatik, zuk telekomunikazioaz deus gutxi jakin arren, sakelakoan esaldi bat partekatzea erabaki duzu: “guru gehiegi nire gusturako”.