argia.eus
INPRIMATU
Eskola zaharra sasoitsu
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2019ko ekainaren 25
Gertu ala urrun. 30% taldea (Artza Records, 2019).

Andoain eta Tolosa izan ziren, batez ere, Gipuzkoan 80ko hamarkadan punkari beste buelta bat eman zioten herriak. Punkaren eztanda apurtzaileari abiadura eta kontzientzia eraikitzailea-eraldatzailea gehitu zioten. Hardcorearen jaiotzaren erakusle nagusi izan ziren Tortura Sistematika, Bap! eta Eskoria-Tza, besteak beste, baina izan ziren gehiago. Gerora, gainera, Andoaingo Gaztetxeak asko elikatu zuen eszena hori atzerriko zein bertako talde ugariren kontzertuak luzaroan programatu baitzituzten.

1994an Andoainen sortutako 30% taldeko kideek uzta hori lehen pertsonan bizi izan zuten, eta Andoaingo hardcore taldeen bigarren-hirugarren belaunaldiko parte izan ziren. 90eko hamarkadan eskola zaharreko hardcore zaleen ilusioa berreskuratzea lortu eta maketa dotorea egin zuten. Ez hori bakarrik, askotan ikusi genuen El Corazón del Sapo taldearekin batera agertokia partekatzen.

Taldea desegin zuten eta tarteka elkartu badira ere, orain gutxi beraien kantutegi osoa takada batean grabatu eta honako CDa kaleratu dute Artza Records ekimen berriaren laguntzarekin. Ez dakigu zenbat kontzertu egingo dituzten, baina uztailaren 12an eta 13an Poison Idea eta 25th Coming Fire taldeekin batera arituko dira Zorrotzako (Bilbo) eta Andoaingo Gaztetxeetan, hurrenez hurren.

Alferkeria kenduta eta baserriko estudioan joaldi batean grabatuta, eskola zaharreko hardcore-punk lagin hau era digitalean barneratu dute –bazen ordua–: hemezortzi kanta batu dituzte, gehienak euskaraz eta bakan batzuk gaztelaniaz. Andoaingo labela duen hardcorea oinarri, punkago, ilunago edo melodikoago tarteka, baina beti zapatilla ondo sakatuta. Eta asko poztu naiz berriro entzuteaz Infernu erosoa, Nahi duzun guztia, Ur baso baten itota, Kaletik noa, ia bat bakarra diren Licencia para disfrutar zein Lekua hil eta Euliak kristala zeharkatzen duenean gitarra riff bereizgarria duen instrumentala, guztiak kanta borobil eta hunkigarriak. Gainera, 25th Coming Fire taldekoen laguntzarekin Mina egiten didazu pieza ere oparitu digute.