argia.eus
INPRIMATU
Arratzalde honetatik
Jakoba Errekondo 2019ko ekainaren 27a
Berrogeialdi honetan landatu behar dira negua gozatuko diguten baratzekariak. Doatsuenekin gogoratzeko sasoia da: porrua, aza, azalorea eta erromaneskua eta abar.

Arratsalde honek ematen didan oihartzuna baliatu nahi dut esan eta irakurlea jakinaren gainean jartzeko: urteko egun luzeenak joan dira eta gaua luzatzen eta egun argia laburtzen hasi da. Honek ondorio latzak izango ditu landareengan, eta sahieska guregan.
Hasi berria dugun eta begi gorabehera batean joango den uda hau konturatzerako azkendu eta udazkenduko da. Orduan uztak bildu eta etxea bete mozkin izango dugu. Udazkena bera, eta negua eta udaberria luzeak dira jangai horietatik tiraka irauteko. Izan ere platerak bete beharko dira, gero sabelak betetzeko. Gure amonak esaten duena, tripa honek ematen dizkigun lanak!
Udan eta udazkenean aterperatu beharrekoak dagoeneko baratze eta soroetan hazten ari dira: patata (Solanum tuberosum), tomatea (Solanum lycopersicum), piperra (Capsicum annuum), babarruna (Phaseolus vulgaris), artoa (Zea mays), kuia (Cucurbita spp.) eta abar. Udaberrian landatu ziren.

Egun motzenekin giro hotzak etortzen direnerako, ez dugu etxera jasotako jaki lehorretik soilik jango, berdetik, freskotik, berritik ere beharko dugu, noski. Hotza izanagatik baratzea jakigaiez betea izan dezakegu. Baldin eta udaren lehen erdi honetan bizkor ibiltzen bagara. Berrogeialdi honetan landatu behar dira negua gozatuko diguten baratzekariak. Doatsuenekin gogoratzeko sasoia da: porrua (Allium porrum), aza (Brassica oleracea var. capitata), azalorea eta erromaneskua (Brassica oleracea var. botrytis), brokolia (Brassica oleracea var. italica), aza gorria (Brassica oleracea var. capitata f. rubra), Brusela aza (Brassica oleracea var. gemmifera) eta abar. Azken hori ahalik eta lasterren jartzea komeni da. Negua iristerako burutxoak egiteko begiak ondo garatuta eduki behar ditu, eta horretarako denbora beharko du, besteek baino ilargi bat gehiago.

Doatsuen kuadrilakoa dena, baina landatu beharrean erein egin behar dena azenarioa da, Daucus carota. Sasoi honetarako beste bitxikeria parea: babarrun motza Iruñeko karriketan idi joaldunak aurrera eta atzera dabiltzanean erein, ilgoran. Ilgora berean, udazkenean berri-berri jateko ilarrak (Pisum sativum) ere erein.

Baratzetik mahairako arratsaldetik esandakoak aditu eta ea baratzaldi honetarako landareek erraz lur hartzen duten. Lur eman behar zaienei beste kontu batzuk esaten zaizkie beste arratsalde batzuetatik.