Gogoan dut Maite Esporrin PSNko zinegotziak Diario de Navarra-n idatzi zuen artikulu bat orduko alkate Yolanda Barcinaren politika kritikatzeko. Gogor salatu zuen alkatearen estiloa, eta ez zuen adjektiborik falta arerioa deskribatzeko –faxistatik goiti, edo hor nonbait–.
Parterik hoberena, halere, hondarreko paragrafoan heldu zen: errandako guzia erranda ere, PSNk arduraz jokatu eta UPN babesten segitu bertze erremediorik ez zuela ondorioztatzen zuen gure Esporrinek. Horixe izan da beti PSN Iruñean eta Nafarroan, erretorikan sutsu baina ekintzetan eskuinaren morroi.
Hori dela eta, Iruñean eta bertze hainbat tokitan alkatetza aldaketaren alderdiekin adostea izanen zatekeen sorpresa; Navarra Sumari bidea erraztu izana, berriz, espero izatekoa zen. Ez da, beraz, traiziorik izan; erran nahi baita, bakar aldiz emandako hitza jan duenak enegarren aldiz hitza jateak traizioa izateari utzi eta tradizio bihurtu den heinean.
Azalpen sinesgarririk ezean, azkenaldian modan dagoen metodo bat baliatu zuen larunbatean PSNko zinegotziak: biktimarena egin. Bertzeak bertze, Casadok, Arrimadasek edo Riverak erabili dute metodo hori Euskal Herriko eta Kataluniako zenbait herritan egindako bisitetan. Iraindu nauzue, ergo arrazoi dut. Tira, sare sozialetan hedatu den bideoan ikusten da Esporrinek, udaletxetik eskapo doala, kazetariak bertzerik ez duela inguruan eta, halere, haren bizkartzainak borra batekin mehatxu egin duela. Baina horiek txikikeriak dira. PSNkoaren tokian banintz, orain artikulu bat idatziko nuke –"Villana Esporrín", adibidez– eta ironikoki nire burua, ez dakit bada, Yoko Onorekin konparatuko nuke –"gauza guzien errua dut"–. Ez, ez da serioa, baina estilo horrek bere publikoa badu. Bertzalde, PSNtik inork ez du deus espero. Ezta maila intelektualean ere.