argia.eus
INPRIMATU
Uharteen izena eta izana
  • Callao (Peru), 1772ko irailaren 26a. Aguila fragata espainiarra portutik abiatu zen Tahitira bidean, Domingo Bonetxea kapitain getariarra (1713-1775) buru zuen espedizioan.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko ekainaren 18a
Mendebaldeko Sozietate Uharteak (1784). Mapa James Cook kapitainak 1769an irletara egindako lehen bidaian oinarritu zen. Domingo Bonaetxea getariarra urte batzuk geroago iritsiko zen inguru haietara. (arg: Alexander Hogg)

Urte batzuk lehenago James Cook kapitaina iritsia zen Polinesiako inguru haietara, eta Peruko erregeorde  Manuel d’Amat i de Junyent  beldur zen britainiarrek handik erregeorderria edo San Karlos (Rapa Nui) uhartea erasoko zutela. Horregatik bidali zuen Bonetxea uharte haietara, “atzerritarren azpikerien berri jakitera, (…) kristautasunera arima berriak ekartzera eta erregearentzat basailu gehiago ekartzera”.

Abiatu eta hilabetera, Aguila-ko eskifaia uharteak begiztatzen eta izendatzen hasi zen. Lehena San Simon eta San Judas (Tenere) izan zen. Ondoren, San Kintin (Haraiki), Santu Guztien uhartea (Anaa) eta San Kristobal (Mehetia) ikusi zituzten. Azaroaren hasieran iritsi ziren Tahitira eta erregeordearen izena jarri zioten inguruko uharte handienari: Manuel d’Amat i de Junyent. Bueltan Santo Domingo (Moorea) ere ikusiko zuten. Bigarren bidaian irla gehiago ikusi zituzten: San Narziso (Tatakoto), Martiriak (Tekokoto), San Joan (Hikueru), San Julian (Faaite) eta San Blas (Tahanea). Bonetxea bidaia horretan hil zen, Tahitin, 1775eko urtarrilaren 26an.

Getariarra izan zen lehena erregearen izenean irla horiez guztiez jabetzen. Baina zaila da jakiten nork “aurkitu” zituen lehenengoz: Pedro Fernándes de Queiros portugaldarra, García Jofre de Loaisa espainiarra, Louis-Antoine de Bouganville frantziarra eta Wallis eta Cook britainiarrak ere inguru haietan ibiliak ziren lehenago.

Eta, jakina, polinesiarrak europarrak baino askoz lehenago iritsiak ziren uharte haietara. Egun Frantziar Polinesia osatzen duten irletara K.o IV. mendean iritsi ziren eta 800. urteaz geroztik bizi ziren Bonetxeak bataiatutako uharteetan.

Zorionez, izen europar katoliko horiek ahaztu eta, egun, jatorrizko izen polinesiarrak dituzte irlek, hemen parentesi artean jaso ditugunak. Tamalez, espainiarrak alde eginez geroztik, Frantziaren menpe daude. Itsasoaz Haraindiko Kolektibitatearen (Collectivité d’outre-mer) parte dira egun eta, besteak beste, 90eko hamarkadan debekatu zituzten arte, arma nuklearren entseguetarako erabili izan ditu Frantziak.