Ekaina hasi eta badakigu festibala heldu zaigula, muntaketan eta hiru egunetan parte hartzeko irrikitan gaude. Batzuentzat ikasketak fini eta uda hasi; besteentzat lana utzi eta uda bizi. Festibalak urteko zikloaren hasiera edo bukaera markatzen du. Hamar hilabetez taldeak prestatu duen emaitza, festibalarien besta, elkartze toki gakoa, gazteriaren gogoeta lekua eta ausartze momentua; ahantzi gabe galdera nagusia: “Zer prestatu digute aurtengo?”.
Euskal Herria Zuzenean sortu zen momentutik
argi zen "festibala" tresna gisa baliatuko zela
bai gazteriari elkartze
leku bat eskaintzeko,
baita ere kanpokoek
herria ezagutzeko
parada ukateko
Galde horren gibelean gauza ugari kukutzen dira. Dinamikaren arranguraz gain, gazteek nolako jendartea gogoko duten deskubritzeko asmoz gaude. Kapitalismoari aurre egiteko zer tresna eta zer pentsaketa nagusitzen diren, alternatibak non ikusten dituzten, zein diren haien erreferentziak, zer gai jorratu nahi duten, zer musika eta ikusgarri mota eskaintzen duten, zer prezio politika aplikatzen duten, laguntzaileen eredua nola antolatzen duten, feminismoa nondik jorratzen den, herriarekin eta herritarrekin zer harreman sortu diren, laborantzari zer-nolako tokia gordetzen dioten, beste eragileei nolako harrera egiten dieten eta abar. Hots, Euskal Herriko gazte multzo baten proiekzio filma dugu festibala.
Anitzetan, Donostiako Piratek antolatzen duten besta eredutik hurbil ikusi da. Besta alternatiboaren etiketari jarraituz aritu diren elkarte, gaztetxe, kolektibo edo taldeekin alderatuz orokorrean. Dinamikaren irakurketaren aldetik, galdera berdinak egiten ziren. Konparazione, gazteen antolatzeko gaitasunarena. Maiz, beste besta eredu bati lotutako ekimenek laguntzen eta indartzen gintuztelako jakiteko gazteriaren puntu azkarrak zertan ziren; neurgailua “positiboan” ezarriz.
Bestalde, Euskal Herria Zuzenean (EHZ) sortu zen momentutik argi zen “festibala” tresna gisa baliatuko zela bai gazteriari elkartze leku bat eskaintzeko, baita ere kanpokoek herria ezagutzeko parada ukateko. Ipar Euskal Herrian, Patxa mugimendutik Piztu elkarteak sortu zuelarik proiektua (1996) Baionan errotutako eragile nagusi horrek festa artifizialaren hautua egin zuen. Existitzen ez zen momentu bat sortu zuten (Ipar) Euskal Herriko barnealdean borrokak argitan uzteko eta elikatzeko. Borrokaren kultura berri bat sortzeko asmoarekin irudikatzen zen leku paregabea; gure kultura elikatuz, indartuz, handituz eta birsortuz.
“Artifizialki” sortutakoak irauteko energia gose izanki, bizi zikloak behar ditu. Aurten ere, laguntzaile kateari katebegi bat gehituko zaio hogeita hiru urteko ziklo luzeari gogoz segituz. Iturri zaharretik ur berria beti!