Baiona eta Iruña birazkatuak dira aspalditik. Bateko ala besteko bestetan, hiri horietako auzapezak ikusten ditugu karriketan ibilki, zuriz eta gorriz bezti. Gertakari bateratuak programatzen dira halaber, hala nola Iruñako Karrikiri eta Katakrak-ek, Baionako Maiatz elkartearekin, antolatzen dituzten Maiatzaldi ekitaldiak. Gure baitan lotan dagoen nafarzaletasuna iratzartzen bezala da, eguzkiak bere muturra agertu orduko.
Destino bateratua ere somatzen da kirolaren alorrean. Iruñan pilota eta futbola dira nagusi. Baionan aldiz arrauna eta errugbia. Bietan, oldeak biltzen direla sutsuki bakoitzak bereak sustengatzeko. Sadar, Labrit eta Jean Dauger kirol-guneak egiazko tupinak dira, jendearen burbuilez eta oihuz hanpatuak. Halako komunio bat sortzen da, neoliberalek amesten dutenaren araberakoa: klase sozialik ez da gehiago, bizitza, ardura, galtzaile gisa eramaten duen publikoak aho batez deiadar egiten du garaipenaren alde.
Eta hori da gertatu, azken aldiotan, bai Baionan eta bai Iruñan: Osasuna eta Aviron baionarra lehen mailara igo dira, jarraitzaile itsuen artean, eromen atsegintsua eraginez. Horrek ez du preziorik.