Mundutik mundua hizpide, pasadizo bat: gasteiztar bat joan omen zen New Yorkera 90eko hamarkadan, eta hamar urte lan egin ondoren, amerikar kulturaz aspertuta, “banoa Euskal Herrira” pentsatu zuen. Gasteizera itzuli zen eta hara, Amerika hemen zegoen.
Baina hori ez da soilik Gasteizen gertatu. Azken hogei urteetan, denok badakigu nola aldatu den mundua, bereziki internet dela eta. Areago, hizkuntzen ikaspena hizpide, ni ere aritu naiz hizkuntzak ikasten, ingelesa adibidez, jende askok egin duen bezala, ibilbide akademikoan, hizkuntza eskolan, bidaia batzuk eginez... Alabaina, azken urteetan konturatu naiz ingelesa praktikatzeko, eta ordaindu gabe, kanpotik etorritako jendearekin aukera paregabea dagoela. Dagoeneko lau truke luze egin ditut: bata, Montanako lagun bat da, beste bat Londres ingurukoa, beste bat Nigeriakoa (Lagos ingurukoa), eta beste bat, neska kantondar bat, Txinakoa. Oso interesgarria, ezta? Mugimendu migratorioak direla eta, badut leiho bat irekia jende horiek ezagutzeko. Era berean, Salburuko eskola publikoan zenbat familia magrebtar daude, seme-alabak beste gauza bat dira. Mundu globalizatu baten ondorioa bizi dugu. Gustatu ahal zaigu gehiago edo gutxiago, hori beste kontu bat da, munduaren parametroak aldatu dira, errealitatea hori da.
Gasteiztarra zara, identitate askotarikoa. Gasteiztar euskaldunak horrelakoak al dira?
Nik dakidan horraino, bai. Soziologiaz ari bagara, Gasteizko populazioa laukoiztu da azken hamarkadatan. Txikitan, eskolan, gure belaunaldikoen artean, gurasoak arabarrak eta gasteiztarrak ez izatea nahiko arrunta zen, oro har ari naiz. Identitatea nahiko partekatua da beraz. Zorionez, oso modu naturalean integratu gara. Identitateen inguruan gorabeherak ere egon dira, noski –penintsulako hegoaldetik etorritakoez ari naiz–, baina horretan sakontzeak luzerako emango luke. Arrasto bat nahi duenarentzat, nazioarteko migrazioaren aurretik, Aitor González de Langarica Mendizabalen liburua: La Ciudad Revolucionada. Industrialización, inmigración, urbanización. (Vitoria. 1946-1965).
Bereizi behar al dira arabarra eta gasteiztarra?
Bai. Tira, gaur egun halako identitateak bereizten ahal diren neurrian. Biak lotuta daude, noski, baina ez dira gauza bera. Gasteiztarra bat da eta arabarra beste bat; oraindik behintzat. Araba populazio aldetik oso kontzentratua dago Gasteizen, Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala. Laudio, Amurrio, Agurain dira salbuespenak, hurrenez hurren: 20.000, 10.000 eta 5.000 lagun bizi dira herri horietan. Gasteiz Arabako bihotza eta birika da, baina Araba Gasteiz baino askoz gehiago da. Areago, Arabako bazterrak gasteiztar askorentzat ezezagunak dira. Ni oraindik ezagutzen ari naiz…. Araba oso interesgarria da paisaia aldetik, lurralde komunak ditu, Nafarroak bezala. Bizkaiak eta Gipuzkoak ez bezala.