Nafarroaz mintzatu behar dut gaurkoan. Ez dakit, beraz, zutabe hau irakurtzen segitu nahi duzuen: batetik, ez delako kalaka horrekin heldu naizen lehen aldia eta, bertzetik –bigarren hau inportanteagoa da–, nafarra naizelako, nafar anormala, baina nafarra, eta aspaldi honetan aski argi gelditu da Nafarroaz nornahik dakiela gehiago nafarrek baino. Barkatu, beraz, nire ausarkeria.
Ortzilarean, Nafarroan gehien saltzen den egunkariak titular hau zekarren: “Pedro Sánchezek iragarri du inbestidura Navarra Sumarekin negoziatuko duela”; hainbertze saltzen ez duen egunkariak, berriz, bertze hau: “Pedro Sánchezek babestu egin du Chivitek gobernatzeko asmoa, eta Nafarroako aferatik bereizi du Navarra Sumaren abstentzioa”. Ongi aztertuta, erraten dituzten gauzak ez dira elkarren baztergarri, ikuspuntu kontua da; atera nahi duten ondorioa, ordea, bai.
Lehen eta bigarren denboraldia ikusi ondotik hobera egiten ahal ez zuela uste banuen ere, ustekabean harrapatu nau Fargo telesailaren hirugarren denboraldiak. Narrazioaren gainetik –edo azpitik, ez dakit–, istorioak ditu mintzagai: istorioak kontatzeko manerak, bertsioak, ikuspuntuak. “Iragana ezin da asmatu, etengabe ari da aldatzen”, erran dio pertsonaia gaizto nagusiak aitzinean duen poliziari; “etorkizunean zer gertatuko den da ziurtasunez dakigun gauza bakarra”. Inork ez daki zer bozkatu zuten nafarrek; anitz ez dira oroitzen zer egin duen PSNk hauteskundeak izan diren aldiro. Badakigu, ordea, zer gertatuko den: Nafarroa defendatzen dutenek onartuko dute Nafarroako gobernua kanpoan erabakitzea, kanpoko interesen arabera.
Bertze hauteskundeetan zer egin duten ikusita, PSNk oraindik makurrago jokatzeak ezinezkoa iduri duelarik, beti aurkitzen dute bidea. Ezin erran, baina, ustekabean harrapatzen gaituenik.