Euskadi Irratian entzunda: “Jose Ignazio Ansorena zenaren obra bat joko dute…”. Arraioa, bizirik nengoelakoan. Askoren uste faltsu bera neuk ere. Ez, baina, osaba Jose Luis zendu berriarekin nahastu ninduten. Ohorea niretzat osabaren pare jartzea, heriotzan izan arren. Horretan ere miresgarri izan baitzen.
Isidro aitak, etxeko besteei bezala, Jose Luisi obra koskorra eskaini zion, Semetxoaren poza. Jolas xumea asmatua zuen haurrentzat: bera aulkian eserita, izterren gainean umetxoa jarri eta gora eta behera ibiltzen gintuen tturrukuttuttuku… kantatu bitartean. Familiako txikienoi barre algarak eginarazten zizkigun doinua erabili zuen osabari dedikatu zion piezan. Poz hori Jose Luisi betirako itsatsi zitzaion. Hainbeste non erregalatzeko ere ugaria izan duen.
Hil denean, laurogeita hamaika urtez (egun baten faltan), hedabideetan etengabe goraipatu dute, nolako antolamenduak sortu zituen, nola ahalegindu zen euskal musika zabaltzen eta musikariak ezagutarazten… Eresbil, egun erakunde publiko eredugarri bihurtua, sortzeko izan zuen argia eta egin zuen lana, nolako enprendedorea zen.
Horretarako kemena eta poza nondik zetozkion? Frantziskotar aukeran ziur aski. Hamalau urte zituela fraile kaputxino joatea erabaki zuen, pobre eta ahulen laguntzaile. Irmo jarraitu dio xede horri bizitzako egun guztietan. Benetako barru pozaz.
Frantziskotartasuna ongi uztartzen zen izaera sendoarekin. Ez baitzen isiltzekoa eta mengeletik izpirik ere ez zuen: nagusi erlijiosoen aurrean edo bestelako agintariei hitz egiteko beti landu zuen libertatea. Hainbatek epelak entzun zituen Jose Luisen ahotik.
Mendizaletasuna ere horrekin lotzen zitzaion. Ez zuen Everestera igo beharrik izpiritua egurasteko. Larrasa edo Mendaur, Ernio edo Aitxuri, Anboto edo Orhi ederki ezagutzen zituen. Urbasako bazterrak maiteen. Han artzainen kapellau esaten zioten.
Ez da ulertzen horrelakorik egunotan. Kapital-liberalismoaren festa honen aukera diru-gosez mugitzen direnei bidea erraztea da, tankera bakarreko enprendedoreei, aberastasuna eta etorkizun hobea dakartelako ustez, azpikoak ongi zanpatu eta egoa hanpaturik, Everesteko gailurra oinkatu dutela, ilara txoroetan iritsita, kontatu nahi dutenei.
Hara nola pobretasunaren alde egin zuen enprendedore batek etorkizun hobea zabaldu digun. Eta gailur ederragoetara iritsi. Horretarako egoak ez, hegoak behar ditugu.