argia.eus
INPRIMATU
Rock-and-rollaren orrazkera psikotikoena
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2019ko ekainaren 04a
SCREAMERS AND SINNERS. Hypnosia! Taldea.
Diablo Records, 2019

Dena dago asmatuta, eta askok eta askok iraganekoari mozorroa jantzita berebiziko izaera bereizgarria ematen ahalegintzen dira. Horren guztiaren aurrean nik lehenesten dut dagokion estiloa –ezaguna bada ere– bere egin eta sinesgarritasunez plazaratzea. Horixe egiten du Aretxabaleta eta Arrasateko kideak dituen Screamers and Sinners taldeak, 2013an punk, punk-Oi! eta surf-rock (Neallta Fola, Golpe de Estado eta Los Galerna) taldeetan aritutako hainbat lagunek sortutakoa.

Apustua ezohikoa izan zen eskualde honetan: psychobilly-a; hain zuzen ere, punk-etik eta iluntasunetik barra-barra edaten duen rockabillya. Taldea sortu eta urtebetera Demon tales diskoa kaleratu zuten beraien kabuz, eta oso tarte laburrean atzerrian interesa jarri zuten taldean. Kontrabaxuaren eta bateria sarkor baten erritmo geldiezinaren pean kantek hastapenetako rock-and-rolla berreskuratu, zikindu eta hauspotzen zuten axolagabeki. Garai horretan psychobilly giroko Earthquake (Bremen), Stomp (Paris) eta Meeting (Pineda) jaialdi handietan eman ziren ezagutzera.

2016. urtea taldearen mugarria izan zen. Estudiora sartu ziren Arabako El Sacamantecas hiltzailearen omenezko –eta izen bereko– diskoa grabatzera. Mad Sin taldeko Andy Laaf-en gidaritzapean bateria-jolea aldatu eta punketik apur bat aldenduz 50eko hamarkadako rock-and-roll klasikoenean hartu zuten lurra. Erditze zaila izan zen, luzea, baina doinu horretako zaleen gustukoa izan zen Belgikako Drunkabilly Recordsekin argitaratutako lana.

Hypnosia! lan berriarekin heldu dira orain eta disko honetan ere, 50eko hamarkadako rock-and-rolla da oinarri nagusia, kontrabaxuak eta bateriak arnasarik gabe gidatuta; eta alboan ditu surf, punk-rock, country zein swing ñabardurak maisuki gehitzen dion gitarra, baita edozein talderen indarra eta emaitza biderkatzen duen saxo aberats eta askea ere. Ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz abestutako kanten artean, zirkoko eta B serieko filmen iruditeria dira nagusi. Horrez gain, Donna Dunen ahots ikaragarriak blaitu du The sinner & the screamer; eta MCDko Rockanek A-68 ahaztezinari jarri dio ahotsa.