Metal eta rock doinu gogorrak, eta erritmo astunak eta setatiak jotzen ditu Eztanda taldeak. Hala ere, hainbat kantaren zati batzuen erritmoak azkarragoak diren bezala, lasaiagoak eta leunagoak diren tarteak ere badira.
Aipagarriak dira gitarren arteko jolasak eta beren marrazki ilunak, baita melodikoagoak diren punteoak ere. Era berean, Mikel abeslariak ahots urratua erabiltzen du, baina modu melodikoan ere kantatzen du.
Karlos Osinaga soinu teknikariarekin, soinu trinkoa eta sendoa gauzatu dute Bonbereneako grabazio estudioan, eta kantak garbi eta ozen entzuten dira, aldarria, elkartasuna, kritika, salaketa eta borrokarekin aurrera egiteko borondatea transmititzeko.
Horrela, Utopia kantan diotenez, “ibiltzen jarraitzeko, borrokatzeko”, jotzen dute, horretarako egiten dituzte kantuak. “Zenbat denbora pasatu beharko dugu sufritzen, nazkatu naiz, borrokatu nahi dut, nire bizitza iraultzan txertatu” (Ez!).
Bidegabekeriak salatzen dituzte: “Kontaminazio, aglomerazio, estresaren palazio da hiria, ez dira kontuan hartzen herritarren beharrak” (Hiria = Aberia), “Txikizioz jositako mundu batean errua norena da? Gizakia hiltzailea, suntsitzailea” (Errua Norena Da?).
Eta, besteak beste, jendearen arteko dibertsitatea aldarrikatzen dute: “Dibertsitatea aberastasuna, erakus dezagun gure elkartasuna” (Dibertsitatea).
Tolosaldeakoak dira taldekideak, Belauntzakoak, Ibarrakoak eta Tolosakoak, hain zuzen: Ion Garate (bateria), Aitor Azkolain (gitarra), Mikel Romero (gitarra eta ahotsa) eta Unai Sukia (baxua). 2015ean sortu zuten Eztanda taldea, eta urtebete geroago egin zuten lehen jendaurreko emanaldia. Pixkanaka aritu dira beren bidea egiten, musika grinak bultzatuta, eta beren ideiak eta iritziak azaltzeko, aldarri egiteko, bidegabekeriak salatzeko, borrokatzeko.
2018ko irailean, hiru kantaz osatutako maketa egin zuten Anoetako gaztetxean, eta 2018ko abenduan sei kanta grabatu dituzte beren lehen diskoa egiteko. Maketa abiapuntua izan da, eta hor antzematen diren ideiak ederki osatu eta biribildu dituzte diskoan, kanten konposizioaren, moldaketen eta soinuaren aldetik argi eta garbi suma daitekeenez.