argia.eus
INPRIMATU
Pentsa arduradunak
Koldo Aldalur Hirigoien 2019ko maiatzaren 29a

Euskadi Irratiko Faktoria magazinari esker jakin ahal izan genuen Warren Buffett AEBetako enpresari guztiahaldunak ze kezka darabilen buruan: “Estatu Batuetan orain hogei urte, prentsa arduradun bakoitzeko bi kazetari ari ziren lanean; gaur egun, ordea, kazetari bakoitzeko sei prentsa arduradun daude”.

Prentsa arduraduna, eskuarki, erakunde bati buruzko informazioa bideratzeko ardura duen pertsona da. Hau da, ordaintzen dion erakundeari gizarteratzea komeni zaion informazioa, helburuen interesen galbahetik pasatu ostean, eta komeni den dosietan neurtu eta gero, komeni den unean zabaltzea –sarri interes ekonomiko-politiko izugarriak izaten dira tartean–.  Horrela, erakundeari komeni zaion bezala, kazetariak, inertziak lagunduta, irents dezan segidan bere komunikabidean zabalduko duen mezua. “Komeni” gehiegitxo gauza onerako.

Erakundeez aritu zen Warren Buffett, baina enpresei nahiz talde politikoei buruz ere ari zitekeen. Horiek gutxi ez, eta, aspaldion, kazetarion eguneroko lanean, ohikoak bihurtu dira galderarik gabeko prentsaurrekoak. Galderarik gabe? Hori ez da prentsa agerraldia, hori mitina da!

Beraz, kazetariari norabide bakarreko informazio mugatua  heltzen zaio. Kazetari finak badira, baina errazkerian erortzen garenok ere tropelka ederra osatzen dugu.

Esku pilota profesionalaren esparruan nagusi diren ASPE eta BAIKO enpresen arteko lehian, polita ari da gertatzen: txapelketa mordoa eman dute lehen ASEGARCEko eta orain BAIKOko pilotariek txapel alerik irabazi gabe hiru txapelketa nagusietan.
Ondorioz , jakin-minaren arrak barrena jaten dit egoera horretara heltzeko  zer gertatu den igarri ezinik. Bolada txarraren ondorioa izan daiteke, besterik gabe; plangintza desegokiaren ondorioa, akaso; giro nahasia, agian? Edo sasoiko pilotariak azkartxo bazterreratu zituzten, eta horien ordez sartutako gazteek denbora beharko dute aurrekoen mailara heltzeko? Agian, ibili-ibili eginda, zalantzaren urak eraginda, lepogaineko errota lan gehiegi egiten ari zait.

Edo, zergatik ez? Beharbada, ASPEn lan ikaragarria egin dute eta orain lan horren fruituak jasotzeko unea heldu zaie. Auskalo!
Dena den, kuriositatea piztu bazaizue, hurbildu zuzenean pilotariengana. Bestela, prentsa arduradunak “bere mutilekin” zubi-lana egiterako zure zalantzak herdoildurik egon daitezke. Azken finean, ez al daude  horretarako? “Pentsa arduradunak”, zer pentsatu behar dugun esaten diguten prentsa arduradunak.