argia.eus
INPRIMATU
Iruditzak morez bezti!
Amaia Alvarez Uria 2019ko maiatzaren 29a
Tupust! Hainbat egile.
Txalaparta, 2019.

Txalapartak euskal emakume ilustratzaileen kolektiboaren lehen lana kaleratu berri du. Hamalau lan dira, hogei egile, bi kolore (teila eta berdea) eta gai bat: nitasuna. Hitzaurrean diotenez: “Errealitatearen esperientzia subjektiboa adieraztea du helburu arteak eta beti filtratu du ni batek”. Aniztasuna dugu, estilo desberdinetako ibilitakoak eta hasiberriak.  

Kolektiboa 2016an sortu zen “komikia eta feminismoa uztartzen dituen egileen sarea osatzeko eta proiektu berriak abiarazteko”. Haien manifestuan hurrengoa diote: “Orokorrean, umorea eta satira, eta are zehazkiago binetagintza eta komikigintza maskulinitateek gobernaturiko esparruak izan dira. Bai, baita gure Euskal Herri txiki honetan ere. Egoerari erreparatzerakoan, harrigarriki beldurtu gintuen ikusteak zeinen tradizional eta heteronormatibo (izan) garen istorioen nahiz gorputzen sorkuntzan eta zeinen espazio gutxi (izan) duten ikuspegi binario horri kontra egin eta haratago joateko nahia (izan) duten sortzaileek”.

Margolan, ilustrazio eta komikiak daude, collagea, marrazki eskematikoak eta irudi errealistak. Bineta batzuk orrialde osoko koadroak dira, marra bereizlerik bakoak, bestetzuk komiki formato sekuentzialekoak. Protagonista guztiak emakumeak dira; euren bizipenak ikusgarri egin eta baloratuz. Testua agertzen eta desagertzen da, askotan bunbuilorik gabe, binetetik kanpo irteteraino. Marra zinetiko zuzen gutxi dago, gehienetan borobiltasuna agertzen da formetan. Onomatopeiak ere ez dira ugariak. Gehienek bi kolore tartekatu dituzte, baina kolore bakarraren alde egindakoen artean teila da nagusi.  

Kea dario azaleko arkatzari eta ez da harritzekoa, askotariko ekarpenak ditugulako bilduman: nitasunean murgiltzeko gonbitea; distopia bat ezagutzeko aukera; haurtzaroko oroitzapenei buruzko elkarrizketa; Narciso Narzisa bihurtuta ikustea; jendaurrerako dugun nia; testu baten haragiztatzea; tradizioa auzitan jartzea; identitatea eraikitzean agertutako mugak; autoironia konpromiso eta askatasunaren artean; norberaren alde basatiaren muturra; egunero ondoan duzuna maitatzea; usaimenaren bidezko genealogia feminista; emakume erreferenteak espaziotik ozeanora; eta hilekoaren kontaketa. Animatzen?