argia.eus
INPRIMATU
IRITZIAK
Isolamendua apurtu
David Bou 2019ko maiatzaren 29a

Xabier Gonzalez zuen izena, 28 urte zituen, baina bere izen-abizena ez zen notizia izan apirilean, Zaballako espetxeko ziega batean hil zen arte. Haren senitartekoek telefono dei baten bitartez jakin zuten haren heriotzaren berri. Salhaketa elkarteak salatu zuenez, bere hiru alabek ezin izan zuten aita ikusi barroteen artean pasa zituen bi urte eta hiru hilabeteetan. Hala berean, haren espetxealdiaren azken aroan bere bikotekideari ukatu zioten hura ikusteko eskubidea. Gorpua erraustua izan zen lehenbiziko autopsiaren emaitzak ezagutu gabe. Xabier Gonzalez zentro penitentzialarietako hildakoen zerrendatako historia izatera pasa da.  

Xabier, urtarrilaz gero zerraldo irten den laugarren presoa da. Hala ere, oraindik ez dira ez azalpenak eman, ezta inoren ardura aditzera eman. Iragan abenduaren 1etik, 90 pertsonak galdu dute bizia Espainiako Estatuaren kartzeletan. Azken 40 urteetan, 15.000 preso baino gehiago zendu dira askatasuna berreskuratu aurretik. Hamarretik lauk bere buruaz beste egin zuen, edota drogaren kontsumoaren kausaz hil ziren. Problematika 60.000 pertsonaz osatutako kolektiboari dagokio; kopurua Europako Estatuen rankinean laugarren postuan dago.

Torturen amaiera eta eritasun sendaezina duten pertsonen askapena dira presoen kolektiboaren lehen helburua. Horiek ageri dira beraiek osatu duten aldarrikapen taulako hamalau puntuen artean, hainbat espetxetako hogeita hamar giltzaperatuek egina

Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluak dioenez, “askatasunaren zigor pribatuak eta segurtasun neurriak presoak gizarteratzera eta heziketa berritzera zuzenduta behar dira”. Agindu hori derrigorrez bete beharko litzateke, askatasunen eta eskubideen atalean daude. Alabaina, antza, estatuak bere babespean dituen pertsonak zaintzerako orduan, karta eskuzabal sakrosantuaren defendatzaileek albo batera begiratzen dute.

Torturaren Prebentziorako Europar Batzordeak edota Europako Kontseiluaren txostenak –giza-eskubideetan erakunde kontinental gorena– behin eta berriz argi adierazi duenez, “Espainiako espetxeetan tortura, tratu txarrak eta eraso doilorrak” izaten dira. 2004tik 2016ra bitartean, Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak tratu horiek pairatu dituzten 961 presoen egoerak aztertu eta dokumentatu zituen. Beste kasu zaurgarriak ere salatu zituen, hala nola, eritasun kroniko eta sendaezin duten pertsonei hirugarren gradua ukatu izana, espetxe arautegian dagoen neurria. Jarrera hori ohikoa eta egunerokoa da, ordea.     

Hain ziur ere, torturen amaiera eta eritasun sendaezina duten pertsonen askapena dira presoen kolektiboaren lehen helburua. Horiek ageri dira beraiek osatu duten aldarrikapen taulako hamalau puntuen artean, Espainiako Estatuko hainbat espetxetako hogeita hamar giltzaperatuek egina. Talde horrek duela hiru urte borroka dei eraginkorra proposatu zuen barrualdetik. Hainbat ekimen gauzatu dute harrezkero, beren eskakizunak lortu aldera. Azkena, maiatzaren 1etik 15era  egin zuten gose greba bateratua.

Gaur gaukoz, Altsasuko auziaren eta Urriaren 1eko Erreferendumaren ondorioak bizi ditugun garaiotan, espetxeak disidentzia politikoaren aurkako errepresio guneak dira. Hartara, gure begirada zabaldu beharko genuke eta estatuak zigortzeko darabilen eredu orokorra auzitan jarri. Ez al dira preso politikoak ere gizartetik kanpo utzi ditugun sektoreak? Hau da, beren ziegetan ahanzturara isolatzen eta kondenatzen dituzten pertsonak. Xabier Gonzalezek ez du egunsentia berriz ikusiko. Haatik, bere historiaren eta haren antzekoen inguruan ezarria den isiltasuna apurtzea gure esku dago. Kontatzen ez ditugulako izateari laga dioten bizipen latzak.