argia.eus
INPRIMATU
Gerra iruzurra da
  • Connecticut (AEB), 1931ko abuztuaren 21a. Smedley Darlington Butler (1881-1940) marineen maior jenerala gonbidatu zuten hiriko Amerikar Legioaren egoitzara hitzaldi bat eman zezan. Butler AEBetako armadako militar kondekoratuena zen, erretiratu berria, eta horregatik entzuleak harri eta zur utzi zituzten haren lehen hitzek.

     

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko maiatzaren 28a
SMedley D. Butler (1881-1940) militar kondekoratua eta ekintzaile bakezalea.
SMedley D. Butler (1881-1940) militar kondekoratua eta ekintzaile bakezalea.

“Gerra iruzurra da, beti izan da” hasi zen Butler. Eta, ondoren, baieztapen garbia argudiatzeari ekin zion. “33 urte eta 4 hilabete eman ditut zerbitzuan. Urte horietan lehen mailako gorila izan naiz Wall Streeteko enpresen eta bankarien zerbitzura. Estortsioa egin dut, beldurra eragin dut eta gangster bat bezala jokatu dut kapitalismoaren aginduak betetzeko”.

Butlerrek kontatu zuen 1924an AEBek Mexikon zituzten petrolio interesak defendatu zituela, Kuban eta Haitin National City Banken bidea leundu zuela, 1909 eta 1912 artean Dominikar Errepublika behartu zuela azukrea AEBei saltzera eta, lehenago, 1903an, Honduras “konbentzitu” zuela fruta konpainia handiei negozioa egiten utz ziezaien. Baina haren jarduna ez zen Erdialdeko Amerikara mugatu; 1927an Txinara joan zen oztopoak garbitu eta Standard Oil konpainiaren lana erraztera. “Al Caponeren aholkulari izan nintekeen; hark soilik hiru hiritatik lortu zuen dirua eta marineok hiru kontinentetan jarduten genuen. Larderia eta estortsio zerrenda luzea osatu nuen eta, horregatik, dominaz eta ohorez saritu ninduten”.

Hurrengo lau urteetan gerraren aurkako askoz hitzaldi gehiago eman zituen militar ohi kuakeroak eta 1935ean liburu batean bildu zituen ideia horiek. War is a Racket (Gerra iruzurra da) Connecticuteko hitzaldi hartako lehen hitzak erabili zituen izenbururako. Liburuxka sinplea zen, bost atalekoa, irakurterraza eta zuzena. Gerraren negozioa garbi azaltzen zuen: “Gerra Handia amaitu zenean AEBetan 21.000 milioidun berri agertu ziren. (…) Nazio batek lurraldea zabaltzen duenean guztion bizitzen truke, baliabideak oso bizkor aberasten diren gutxi batzuek ustiatzen dituzte. Baina kontua herriak ordaintzen du, gorputz triskatuekin, depresio ekonomikoarekin eta zerga igoerekin”.

Europako eta Asiako errealitateak zorrotz aztertu eta beste gerra handi baten atarian zeudela ondorioztatu zuen: “Egun munduan 40 milioi gizon armatu daude. Eta gure politikariek beste gerra bat prestatzen ari direla ukatzeko gibela dute?”.
Smedley Butler 1940ko ekainean hil zen, 58 urte zituela, aurreikusitako gerra piztu eta gero. Urte batzuk lehenago heroitzat zutena urdail-hesteetako minbiziak “edo antzeko zerbaitek” jota hil zen, medikuaren hitzetan. Ez zioten autopsiarik egin.

Bizi zen artean, zerbitzu sekretuak eta enpresa handiak Butler isilarazten saiatu ziren, besteak beste dirutza eskainiz. Butlerrek eroskeriari muzin egin eta saiakerok salatu zituen. Baina prentsa haren karikaturak argitaratzen hasi zen eta haren aurreikuspenei iseka egin zien.

Butlerrek bete-betean asmatu zuen bere analisiarekin eta haren hitzak ez dute egunerokotasunik galdu, baina bere mezua ez zen zabaldu eta liburua ez zuen ia inork irakurri. Isilaraztea lortu ez zuten arren bozgorailua, oihartzuna, ukatu zioten.