Udal hauteskundeetan inportanteena pertsonak direlakoan, Aranzadiko zinegotzigai batek hautagaien soziologia bizkorra egin zigun maiatzaren 24an sare sozial batean: "Enrique Maya, arkitektoa"; "Joseba Asiron, eliteko eskola pribatu bateko irakasle" (Eton?); "Itziar Gomez eta Maite Esporrin, 20 urtez politikatik bizitzen"; "Edurne Eguino, Nafarroako Gobernuko teknikaria"; "Andoni Romeo, 1989az geroztik elkartasun ekonomian, 1.045 euro kobratzen du hilero".
Galdemodua zuen falta txioak: burges txiki nazkagarrien zerrenda honetan, zein da lekuz kanpo dagoen klase langileko heroia? Edo, zeinek du bizarra urdindu eta desordenatua, proletarioen egoera petralak sortzen dion kezka dela eta? Zientzia politikoa hainbertze ikasi ondotik, marka da gero horrelako sinplekeriak idaztea.
Hondarreko nabalkada izan zen, nabarmenkeria, ego erakustaldi eta arduragabekeria zerrenda luze batean hondarreko haurkeria. Arazandik, Ahal Duguk eta Ezkerrak Iruñeko Udalerako lorturiko botoak Geroa Bairenak baino gehiago dira. Bereiz aurkezturik, udaletik kanpo gelditu dira hirurak. Saria badute, halere: egiazko ezkerraren argia piztua duen kandela sukaldeko arasan jartzen ahal dute, malkoak begietan. Begira diezaiotela tarteka, printzipio orbangabeak atxiki izanaz harro, baina hausnar dezatela bidenabarkoan zer den noizbehinka amore ematea, zer den akordio taktikoak egitea, zer den proiektu baten aldeko talde lana egitea. Ez dakit orain artioko udal gobernuarekin beren programaren ehuneko zenbat betetzen ahal duten; heldu denarekin, berriz, errazagoa da kalkulu zehatza egitea: %0.
Hiru alderdi horiek –the unsullied– ez dira udal hauteskundeetan Iruñean aldaketak porrot egin izanaren erantzule bakarrak, bistan da. Baina franko ekarpen handia egin dute. Esker mila anitz, beraz.