argia.eus
INPRIMATU
Esparzari eskertu beharko?
Bixente Serrano Izko @bixentesi 2019ko maiatzaren 29a

Esparzari eskertu beharko ote diogu PSN ez batzea Navarra Sumarekin nafar gobernua osatzeko? Horrela dirudi, emaitzen osteko Esparzaren lehen hitzak entzunda: “Ez dugu Chivite presidente eginen, ez gure botoekin, ez abstentzioarekin”. Chivitek, berdintsu Esparzari buruz, bere jarraitzaile sutsuen oihuen aurrean (“Esparzarekin ez!”). Ba al dago fidatzerik Chiviteren hitzekin? Chivite ez da Sánchez eta ez du lortu lehen indarra izatea, bere berreskurapenaren despit. Alde handia hartu dio Navarra Sumak, eta ezinen du berez GB, Ahal Dugu eta I-Erekin bakarrik gehiengoa lortu, Chivitek nahi duen bezala EH Bildu baztertuz gero. Zaila du, Sánchezek baino zailagoa, gaien araberako akordio puntualak lortzea ezker-eskuinera jokatzen. Hitzarmen sendoagoa lortu beharko luke bere balizko kide ezkertiar nafarrekin, EH Bilduren abstentzioaz gain. Chiviteren temak ez du ezer onik iragartzen.

Gerri fina du Chivitek, inbidiagarria ere, baina fina bezain zurruna, behintzat ezkerraldera gorputza makurtzeko. Ezin du ulertu Nafarroan ezkerrak eta aurrerakoiek gai sozioekonomikoei soilik ez, gai kulturalei ere (euskara barne) eutsi behar dietela giro demokratiko integratzaile bat sortu nahi badute. Chiviteren ikuspegi kulturala, batik bat Nafarroako hizkuntza aberastasunari dagokionez, gertuago dago UPNren diskurtsotik bere balizko kideenetik baino. Aberastasun horren aldeko eskaerak identitate kontu gisa, eta ez kontu demokratiko gisa, ulertzen tematzea ez da batere integratzailea. Eta hain gogor ikuskera horri eustea nafarron ideien pluraltasunari uko egitea da. Chiviterengatik izanen balitz, gustura jasoko lituzke PSNk Navarra Sumaren botoak presidentetza lortze aldera.

Espero dezagun, bada, Esparzari eskertu behar izatea PSN-UPN-C’s gobernu koalizioa, agerikoa edo itzalpekoa, ez gauzatzea.