Euskal Herriko Agroekologia Erosketa Ereduen ikerketa egin du EHKOlektiboa elkarteak azken urtean, horretarako zazpi herrialdeetako kontsumo talde, elkarte nahiz kooperatiben jarduna aztertuz. Ohikoagoak diren talde horiez gain, kontsumo agroekologikoaren inguruan sortzen ari diren eredu eta esperientzia berriak ere izan dituzte aztergai egungo panoramaren argazki orokorra egiteko. Behin ikerketa eskuetan, talde eta esperientzion arteko harremanak eta elkarlana sustatzea dute helburu.
Euskal Herriko esperientzia eta sare guztiak identifikatzera iritsi ez badira ere, 170 kontsumo taldetik gora eta 16 kontsumitzaile elkarte identifikatu dituzte ikerketan, guztira 11.000 familia inguru biltzen dituztenak. Lehen ondorioa eremu geografikoari begirakoa izan da: kontsumo antolatua batez ere gune urbanoetan kokatua da. Nafarroako hegoaldean eta Ipar Euskal Herriko barnealdean atzeman dute gabeziarik handiena.
Aztertu dituzten hamalau taldeetatik bostek produktu konbentzionalen eta ekologikoen eskaintza egiten dute, nahiz produktu ekologikoei garrantzi berezia eman –barazki eta fruta eskaintzaren %100, esaterako–. Taldeetako parte-hartzean esanguratsua da emakumeen presentzia. “Esperientzia askotan emakumeek betetzen dituzte ardura handien duten karguak, soldatapeko pertsona gehienak emakumeak dira eta batzordeetan ere ugariagoa da emakumeen presentzia”, diote txostenean.
“Ikerketan zehar ikusi dugu esperientziak ugariak direla eta duela zenbait urtetik egituratuak daudela beraien arteko lankidetza sare batzuk. Baina konturatu gara, era berean, askotan sare horiek ez daudela oso aktibatuak eta esperientzia bakoitza berean zentratuta dagoela”. Leire Rodriguez EHKOlektiboko dinamizatzaileak azaldu duenez, agroekologiaren bueltan diharduten taldeen arteko elkarlan eta trukea piztea dute orain helburu nagusi. Horretarako lehen hitzordua ekainaren 22an jarri dute Ziordian (Nafarroa).
Ikerketan jasotakoak aurkezteaz gain, kontsumo eredu ugariren arteko elkarlanaz, sentsiblizazio, formakuntza eta aktibazio sozialaz eta ekoizleen eta herritarren artean sortu beharreko zubiez arituko dira topaketetan. “Hiru lan ildo horiek bakarrera labur daitezke: agroekologiaren garapenean herritarrak antolatzeko topaketa espazio bat sortzea”. Horixe izanen dute helburu Ziordiako topaketetan. Kontsumo talde, elkarte, kooperatiba nahiz erosketak egiteko antolatuta dauden herritar orori egiten diete topaketan parte hartzeko deia.