Basoarekin edota mendiarekin lotzen ditugu sarri zuhaitzak, ohartu gabe gure herrietako kaleetan ere baditugula horietako asko. Basauriko Sagarrak talde ekologistak ideia horri tiraka jarri berri du martxan Basauriko arbola esanguratsuak: lagunduko diguzu bilatzen? kanpaina. Jendearentzat edozein arrazoi medio garrantzitsuak diren arbola horien bilketa egin nahi du taldeak, zuhaitzon identifikazioarekin herritarrengan ezagutza eta kontzientziazioa bultzatuz.
“Guk ere egin genezakeen herriko zuhaitzen katalogoa, baina erabaki dugu herritarren laguntzarekin egitea, haiek ematen diguten informazioarekin”, azaldu du Gabi Hernandez kideak. Herritarrak katalogoa sortzen inplikatuta haien kontzientziak astintzea errazagoa dela uste dute ekimenaren bultzatzaileek. “Garrantzitsua da herritarrak konturatzea zuhaitzak hor daudela, herria hazi egin baita eta askotan etxe altuen gerizpean gelditu baitira. Egunero haien ondotik pasatzen gara baina ez gara ohartu ere egiten”.
Baina, zeintzuk dira arbola esanguratsuak? Zeri egiten diote erreferentzia? Hernandezek adierazi du esanahi zabala eman nahi diotela “esanguratsu” hitzari. Askotan zuhaitz zaharrak, handiak edo espezie berezietakoak soilik hartzen dira esanguratsutzat, baina horri buelta eman nahi diote kanpaina honetan. “Norbaitentzat zuhaitz bat oso berezia izan daiteke urtetan bere auzoan egon delako, zentzu sentimentala ere izan dezake. Guretzat zuhaitz esanguratsuak ez dira betiko ezaugarrietan nabarmentzen direnak soilik”.
Kanpainan zehar hainbat ekimen eginen dituzte Sagarrak taldekoek. Esaterako, zuhaitz ezberdinen inguruko informazioa biltzen duten hamar panelez osatutako erakusketa martxan dute jada. Horrekin batera, maiatzean eta ekainean zehar herriko kaleetan ibilaldiak eginen dituzte bertako arbola espezieak ezagutzeko.
“Duela gutxi egindako ikerketa batek azaltzen du landareen eta zuhaitzen inguruan ezezagutza handia dagoela, animaliez baino askoz gutxiago baitakigu gaur egun landareei buruz”, azaldu du taldeko kideak. Aurreko belaunaldiek zuhaitzekin zuten harremanaren eta horien gaineko ezagutzen transmisioan gertatzen ari den etenaren aurrean bide berriak proposatzen dituzte taldekideek: kasu honetan teknologia berriak erabiliz eta modu erraz batean herritarrak berriz zuhaitzengana hurbiltzea da apustua. “Nahikoa da argazki bat edo bi bidaltzea eta zuhaitza non kokatuta dagoen esatea. Guk ondoren informazioa gehiago landu eta osatuko dugu inbentarioa”.