BAM hirigunean zenbat Yoga zentro irekitzen diren ikusiz, gogora jin zait aurreko zutabeko gizarte likidoaren ideia. Hain zuzen, joera horren lekuko ona zait yoga egituren sortzea, onddoak bezala: bakoitza chakrak lerrokatzera eta irekitzera doa, energia txarra eta parasitoa den bizi arrunteko kezka oro uxatuz.
90eko hamarkadakoa da kontzeptuaren definizioetarik bat; Zygmunt Bauman soziologoari zor diogu. Honen arabera gizartea gero eta gutxiago engaiatzen eta egituratzen da. Identitatea, kausitze soziala bezala, norbera hautuen menpe da; kontsumoa, erosotasuna eta askatasun pertsonala zentralak bihurtzen dira, mugimendu kolektiboetarako joera mendratzen. Flexibilitatea du oinarri eta modernitatea beharrezkotzat jotzen badu ere, ez omen du honen potentzial kolektiboa ustiatzen. Gizarte solidoaren kontrako gisa dator, hura egitura komun eta iraunkorretan garatzen baita. Kontzeptua lehenagotik aipatu zuten batzuek,
ehiengo isila eta gutxiengo ekilearen bitartez, edo, bidaiari klandestinoa delakoaren bidez: azken hauek baliatzen dira gizartearen lorpenez, adibidez sindikatuenez, deus inbertitu gabe, ez denborarik, ez dirurik, horrela bizkarroiaren egoera hobetuz doa parte hartu gabe, besteekin batera sufritu gabe. Hauen ondorio da likiditateari lotu postura: inbertitzen denean zerbait, nahia bada inbertituaren errekuperatzeko, horretarako posibilitatea ukateko, noiznahi engaiamendutik libratzeko, agian etekin pertsonala eginez.
Azken urteetan, sare sozialen bidez bizitzeko joera dugu. Giza harremanak hazta ezinak direla, jendearekin sekulan zuzenean trukatu gabe, erraza da agerraraztea 140 karaktereko iritzia, partekatzea Facebook-en malurra eta posizio politikoa, ondokoari datsegit sakatzea eta beste zerbaitera pasatzea. Egunkarietako analisiak ez ditu gehiago inork irakurtzen: hiru zutabe eta erdi, aizu, zertarako ba, twitterren hiru lerrotan jakiten ahal badira gauzak?
Gisa berean, egitura anitzetan aipatzen da “segidarik eza” desagertze arrazoitzat. Azken urtebetean, EHZ, Müsikaren Egüna edo Lapurtarren Biltzarraren kasua da. Azken hau dela eta, Biltzarra desagertu zen urte berean, 150 bat herritar mobilizatu ziren kabalkada muntatzeko: bitxikeria edo kontra errana dirudi (azalpena izan daiteke epe motza zuela?).
Aspalditik, elkarteetako batzarretan parte-hartzeak behera egiten du, eztabaidarik ez omen da gertatzen: diotenez interes taldeek aitzina egiten dute beste batzuk baztertuz, baina kontrabotereen eratzerik ez ote da posible?
Politikari doakionez, alderdiek hauteskundeetatik kanpo zilo beltzean itorik dirudite. Bide horretatik, Emmanuel Macron %60ko abstentzioarekin, hau da, bidaiari-klandestino tasa ikaragarriarekin, hautatu zen. Harago, sindikatuetan ez du gehiago nehork kartarik hartzen.
Bestalde, langileek ez dute egiturarekiko identifikaziorik garatzen, ordaindua zaien lanaldiaren betetzera doaz, ekoizle jarreran, denboraldi eta misio batekin. Nola egin daiteke aitzina, euskalgintzan adibidez, jarrera langile lambda batena bada lambda ez den erronkaren aitzinean?
Nihaurek, hementxe, ekarpen gutxi egin diot peñari, soluziorik ez baitzait gogoratzen. Milaka jendetako mobilizazioak, arratsalde batekoak, engaiamendu puntualak, astebetekoak, kasurik hoberenean hilabete parekoak, egonen dira. Baina egitura eta kohesiorik gabe, altxatuko da epe luzeko egitasmoen garatzearen arazoa. Arlo kulturalean, sortu eta transmititzeko garai eta leku berriak eskastuko dira. Modernitatearen kontra izan gabe, dena aldakorra bada eta menturazkoa, etikak irauteko bideak asmatzekoak ditu.