argia.eus
INPRIMATU
Henrietta Lacks hilezkorra
  • Baltimore (AEB), 1951ko urtarrilaren 29a. Henrietta Lacks Johns Hopkins ospitalera joan zen, paziente beltzak hartzen zituen inguruko ospitale bakarrera.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko maiatzaren 22a
Ezkerrean, Henrietta Lacks (1920-1951), eskuinean, haren zelula hilezkorrak (arg.: Lacks Sendia / Tom Derrinck)
Ezkerrean, Henrietta Lacks (1920-1951), eskuinean, haren zelula hilezkorrak (arg.: Lacks Sendia / Tom Derrinck)

Tabakoan aritutako nekazari txiroari minbizi zerbikala diagnostikatu zioten. Handik zortzi hilabetera, urriaren 4an, hil zen Virginian jaiotako emakumea, bost seme-alabaren ama, tratamendu gogorra jaso ondoren, 31 urte zituela.

Baina tratamenduari ekin baino lehen, biopsia bat egin zioten. Eta  George Otto Gey doktoreak kartzinomaren zelula horiek aztertu zituenean ezaugarri harrigarria zutela ikusi zuen: hilezkorrak ziren. Orduz geroztik, etengabe ugaldu dituzte HeLa zelulak –emakumearen izen-abizenen hasieratik hartutako izena–; zaila da kalkulatzen zenbat diren, baina adituen arabera 20 eta 50 tona HeLa zelula artean ekoitzi dira orain arte. 70.000 ikerketatik gora egin dira eta emaitza bikainak eman dituzte biologia zelularrean, txertoetan, minbiziaren aurkako prozeduretan, ernalketan eta beste hainbat alorretan.

Medikuntzarentzat altxor izugarria dira Henriettaren zelulak, eta milaka patenteren jabeen poltsikoak betetzeko ere balio izan dute. Baina jokabide etiko zalantzagarriak ere azaleratu dituzte. Johns Hopkins ospitaleak garai hartako ohiko prozedura zela adierazi arren, Henrietta Lacksi inork ez zion esan bere zelulak gordeko zituztenik eta, jakina, ez zioten horiek ikertzeko baimenik eskatu. Zelula haiek ekarriko zuten guztia jakin gabe hil zen, eta haren senitartekoei ere ez zieten luzaroan ezer esan.

1973rako HeLa zelulak mundu osoko laborategietan zabalduta zeuden, espaziora ere bidaiatu zuten, eta orduan eman zieten seme-alabei zelula hilezkorren berri. Henrietta Lacksen ondorengoen zelulek ere ezaugarri berberak ote zituzten jakin nahi zuten, laginak behar zituzten, eta soilik horregatik erabaki zuten informazioa familiari ematea. Emaitza positiborik lortu ez eta handik aurrera ez zieten jaramonik egin, hainbat senitarteko informazio gehiago biltzen edo irabazi ikaragarrien zatitxo bat jasotzen saiatu ziren arren.

2013ko martxoan HeLa zelulen genoma osoa sekuentziatuta, bi proiektu datuok argitaratzeko zorian zeuden. Beti bezala, Lacks familiari ez zioten ezer jakinarazi. Baina, behingoagatik argitalpenak geldiaraztea lortu zuten Henriettaren bilobek. AEBetako Osasun Institutu Nazionalarekin lau hilabetez negoziatu ondoren akordio batera iritsi ziren: ez zuten sosik jasoko, baina, lehenengoz, amonaren zelulei buruzko erabakietan parte hartzeko aukera izango zuten. Ikerketaren emaitzak argitaratzeko baimena eskatu zieten, eta baietz erantzun zuten.