argia.eus
INPRIMATU
Europa, soziala ala militarra?
  • Datorren igandean Europar Parlamenturako hauteskundeak ere izango dira. Seguruenik alderdi politikoek nahiago izan dute gai militarrak ezkutatzea, eta botoak lortzeko helburuz, denak arduratu dira gehiago gai sozialen inguruan. Baina datorren legegintzaldian segurtasun politika izango da Europako Komisioaren eta Euroganberaren ardatz nagusia, Europar gudaroste baten proiektu militarra baita Europar Batasuna integratzeko prozesuaren apustu garrantzitsuena.

Juan Mari Arregi 2019ko maiatzaren 21

Horretan ari dira jadanik funtzionarioak eta diplomatikoak, proiektu militar horrek eta “europar gudaroste” izenak jendartean sor dezakeen eraginarekin kezkatuta. Europako Alderdi Popularreko hautagai den eta EBko hurrengo presidente izan daitekeen Manfred Weber alemaniarrak esana da: “Anbizio handiak izan behar ditugu. Europan berriz gerrarik ez egotea funtsezko ideia da. Gaur pentsaezina da. Baina europar gudaroste partekatu batekin erabat pentsaezina litzateke”.

Europako gastu militarra, zatikatuta egonik ere, 2018an 284.000 milioi dolarrekoa izan zen –Espainiako Estatuak 18.200 milioi gastatu zituen eta Frantziakoak 63.800 milioi, euskaldunen zergekin–, AEBetako gastuaren atzetik (649.000 milioi dolar). NATOko bozeramaile ohi Jaime Seha analistaren ustez “militarki lehiatu behar gara gure baloreak defendatu nahi baditugu”. Beraz, armagintzara baliabide gehiago bideratzearen alde dago, sektore horretako lobbyek egunero EB presionatzen duten gisan. Euskaldunek eta europarrek aukera polita dute erabakitzeko Europa sozialagoa ala militarragoa nahi ote duten. Hauteskunde hauetara aurkezten diren alderdi politikoek publikoki eztabaidatu behar lukete hain larria den gai honi buruz, ezkutatu beharrean.