Musika bizitzeko modu asko daude; nahi beste. Badira eskaintzen dietena soilik entzuten konformatzen direnak. Badira bilatzen aritzen direnak, eta horien artean are eta beherago edo ezkutuago arakatzen dutenak. Ildo horretatik oso garrantzitsua da orain gutxi Nikki Hill musikari eta abeslari afroamerikarrak esandakoa: “Musika bene-benetan maite baduzu, joan ahalik eta kontzertu gehienetara eta ahalegindu telonero diren talde txikiagoak deskubritzen; eta egiten dutena interesgarria baderitzozu lagundu egiezu, erosi beraien materiala eta hitz egin talde horretaz zure lagunei”.
Eta hala deskubritu nuen neuk Los Nitxos, milaka kontzertutan ikusle gisa elkar ikusitako lau aurpegiz osatutako Gasteizko taldea. Birritan ikusi ditut zuzenean eta hara non eta Gasteizko Gaztetxean gauzatzen den Muinoko Hotsak ekimen bereizgarrian zein hiri bereko Helldorado areto benetakoan, zein baino zein musika pasio handiagoz bizi duen jendartea.
Los Nitxos taldea 2009an jaio zen hiri horretako katakonbatan. Beraien esanetan garagea egitea zen helburua, baina hori baino askoz gehiago aurki daiteke beraien eskaintzan. Hain zuzen ere, 2011n kaleratutako Grandes decesos-ek Joy Divisionen zantzuak ditu, esaterako. 2012an Bi Batean diskoetxeak kaleratutako Gasteiz Dirt Capital bilduman parte hartu zuten eta gerora teklatua gehituta Dead at Jimmy Jazz zuzenekoa kaleratu zuten 2013an, punk-rock ilunena agertuz. Horren ostean, Politburo eta Bazookari esker Carnalito muturreko post-punk lana.
Musika zale amorratuak dira Los Nitxos taldeko kideak, jakin-min handikoak eta halakoa da beraien emaitza, iluna, kiribildua eta ñabardura askotarikoa: Soviet-ek Flying Nun-eko taldeen distortsio garbi eta misteriotsua dauka eta tribaletik ere edanda post-punk melodikoa da. En primera fila giro espaziala, psikodelia, lo-fi-a eta noise kiribildua. Casper zingiretako rocka, no wave iluna eta elektronika minimalista. Heredero Paralisis Permanente-ren ahaide ruidista. Eta, azkenik, Sex&drugs&heavy rock garagetik abiatuta espazial eta rockeroa, diskoko gitarreroena.