Ez duzu zehazki gogoratzen noizko kontua den; hau da, noiz ikasi zenuen sozialki japoniarrak oporretan joaten zirenean argazki makinak etengabe erabiltzen zituztela. Bikotekideari galdetu diozu zeure informazioa kontrastatu nahian, baina ez zarete ados jarri. Kasualitatez-edo, bi egun geroago, Valentzian, bertako fallei buruzko museo batean aspaldi ikusi gabeko eszena ikusi duzue biek: hiru turista japoniar makina banarekin argazkia egiten ari dira sua hartzeko prest dagoen fallari. 1991ko data du satiraz egindako maketak.
Garai batean ikasitako estereotipoak badu egiatik, estereotipoei egozten ohi zaien modura. Eta badu, halaber, estereotipoei egozten ez zaien baina maiz izaten duten burlatik. Izan ere, ohitura bitxia zen japoniar turistena: ikusten zuten oro argazkiz erregistratu beharra. Mekanismo kulturala ezaguna da, eta atenporal samarra: bestearen ohiturak ezberdinak direnean eta, are, ulertzen ez direnean, trufa egitea aukera erraza da.
Hamarkada gutxi batzuk joan dira –oraindik ez duzue data adostu–, eta orain geu bide gara argazkizale porrokatuak. Japoniar turistak. Bukatu dira irri-burlak.