Urbasa mendilerroa (Nafarroa), 1699. Fernando Ramirez Bakedano Andiako markesaren aginduz jauregi bat eraikitzen hasi ziren toki bakartu hartan, eta lanak sei urte geroago amaitu zituzten.
Agindua, berez, goragotik etorri zen; Espainiako Erresumako fiskalak erabaki zuen han jauregi bat eta kartzela bat behar zirela, Errege Kontseiluko Auzitegiari jakinarazi zion erabakia eta hark markesari eman zion agindua, markesaren eskutan baitzegoen Urbasa-Andiako jurisdikzio zibil eta kriminala.
Andiako markesak ez zuen ziurrenik horren beharrik ikusiko eta, hala, bakedanotarrek ez zuten sekula etxetzar bakartua bizileku izan, bi mendetan jabetza markesarena izan arren. Buruhausteak eman zizkien, hala ere; mende erdia bete baino lehen, eraikina erortzeko zorian zegoela eta, berritze lanak egin behar izan zituzten.
Markesaren etxezainak eta bertako kapilaua besterik ez ziren bertan bizi izan. Inguruko artzainek, abeltzainek eta bertatik pasatzen zirenek, behintzat, aterpe gisa aprobetxatu zuten luzaroan.
1915ean egurraren sektorean jarduten zuen Etxabarri enpresari olatzagutiarrak erosi zuen, eta ostatu bihurtu. 1976an itxi zuten ostatua eta, orduz geroztik, eraikina utzita eta egoera geroz eta kaxkarragoan dago, 1990etik Nafarroako Gobernuaren esku egon arren.
Horregatik, Espainiako Estatuko kultura eta natura ondarea babesteaz arduratzen den Hispania Nostra erakundeak bere Zerrenda Gorrian sartu du Urbasako jauregia, ondare hori galtzeko arriskuan dagoela salatzeko. Orotara, zerrenda horretan Hego Euskal Herriko 38 gune eta eraikin daude une honetan, besteak beste, Donostiako Bellas Artes antzokia, Barakaldoko Zubileta dorretxea, Toloñoko Andre Mariaren monasterioa, Orbaizetako arma ola… Baina, zorionez, puntu gorriz jositako mapa horretan, tarteka, puntu berdeak ageri dira, garai batean zerrenda gorrian egondako ondarea berritu eta egun arriskuz kanpo eta egoera onean dagoen seinale.
Horietako bat Urbasatik oso gertu dago, Eulaten. Alvareztarren armategi kabo jauregia da, eraikin errenazentista, Gerra Karlistetan, 1835ean, Córdova jeneralak suntsitua. Bi dorre eta fatxadatako bat zutik zeuden oraindik, baina egoera tamalgarrian, 2010ean Eulateko Udalak sasitza garbitu eta editurak finkatu zituen arte.