argia.eus
INPRIMATU
“Biji” Kurdistan
Itziar Bardaji Goikoetxea 2019ko maiatzaren 02a

Biolentzia betikotzen denean ikuslea immunizatzen da, txerto bat jartzea modukoa da. Ural mendietatik haragoko errealitateei europar instituzioek eta hiritarrek ez ikusiarena egiten diete, eraginkortasun txundigarriaz. Ehunka ekintzaile kurdu, zaila zenbat esatea, gose greban daude. Muturreraino eramandako gose grebak dira, eta hiltzen ari dira. Beste batzuek beren gorputzei su emanda egiten duten aldarria: azken 20 urteak kartzelan daramatzan Abdullah Öcalan PKKren buruaren erabateko isolamendua amaitzea.

Europak alde batera begiratzen du Turkiak kurduak erailtzen dituen bakoitzean, Afrin militarki okupatzen duenean edo parlamentuan kurduera hitzegiteagatik hogei urtetako kartzela zigorrak ezartzen dituenean. Europak PKK zerrenda terroristetan mantentzen du eta ez du Turkia Europar Batasunean (EB) sartzeko prozesua eteten. Asiarako pasabide estrategiko garrantzizkoegia da. Ordainetan, Turkiak EBri migratzaileak blokeatzeko lan zikinak egiten dizkio, adibidez.
Baina tira, “Espainiako hauteskundeen parte-hartze maila handiak” bezalako adierazpenek Europan demokrazia osasuntsua dela erakusten omen dute…