G7 bilduko da Miarritzen, beraz Euskal Herrian, heldu den agorrileko 24, 25 eta 26an. Oraindik politikoki ukatua, zatitua eta bere burujabetza aldarrikatzen duen herri batean. Sistemari erresistentziak, elkartasunak bizirik irauten duen eta alternatibak sortzeko esperientziak ugari diren lurralde batean.
Miarritz herriarentzat G7 bertan biltzea aukera ederra dela erraten dute Iparraldeko hautetsi eta jendarteko sektore batzuek, ekonomikoki eta publizitatearen aldetik. Nola pozten ahal da handi-mandien etorreraz? Nola txalotu Macronen komunikazio operazio itxura hartzen ari den gertakari hori? Edota Trump bezalako buruzagi ero baten bisita, klima aldaketa ukatzen duena, diskurtso arrazista garatzen duena, gerla komertziala sustatzen eta nazioarteko tentsioak akuilatzen dituena? Gailur horrek oroz gainetik ekarriko duena astez aste agertuz doa, antolaketari buruzko informazioak filtratzen diren araberan: militarizazio eta setio egoera, poliziaren bortizkeriaren arriskua, herritarren joan etorrien mugatzea, eskubideen behin behineko murrizketa, manifestatzeko eskubidea, besteak beste.
Euskal Herri osoko 35 herri mugimendu, sindikatu eta ezkertiar alderdiek G7 EZ! plataforma osatu dute
eta G7-ren etorrera
Euskal Herrian bestelako
mundu baten urgentzia aldarrikatu eta erakusteko parada izan dadin
lanean hasi dira
G7-k historikoki inperialismoaren bizkar hezurra osatzen duten herriak biltzen ditu. Talde hertsi eta esklusiboa da. Modu informalean, munduko agendan eragiteko sortu zen, baina hasieratik bertatik klase dominanteen eta multinazionalen interesak zaindu eta babesteko egina izan da. Gailur horrek interpelatzen gaitu, nahitaez, tokiko agenda politikotik harago, herritar gisa, ezkertiar gisa, abertzale gisa, ekologista gisa, antikapitalista gisa... Ez da duda izpirik munduko buruzagi nagusiei kontra altxatzea bidezkoa bezain beharrezkoa izanen dela, injustizien emendatzea, nazioarteko tentsioak eta ingurugiroaren erronka larriak ikusirik. Jendarte zibilaren funtzio nagusietatik bat da herriaren boza entzunaraztea, gobernuek, hauteskundeen bitartez hautaturik ere, gaizki egiten dutena edo egiten ez dutena salatzeko, egin beharko luketena aldarrikatzeko.
Euskal Herri osoko 35 herri mugimendu, sindikatu eta ezkertiar alderdiek G7 EZ! plataforma osatu dute eta G7-ren etorrera Euskal Herrian bestelako mundu baten urgentzia aldarrikatu eta erakusteko parada izan dadin lanean hasi dira, nazioarteko beste eragile batzuekin elkarlanean. Estatu nagusi horien politikak salatzeko eta berehalako neurriak exijitzeko arlo desberdinetan: izan desberdintasun sozialak, klima aldaketa, arazo ekologikoak, paradisu fiskalak edota emigranteen kontrako politikak. Baita kapitalismotik harago, beste logika, lehentasun eta alternatibak aldarrikatzeko eta herrien autodeterminazio eskubidea defenditzeko ere.